zalantzak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
zalantzak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2014/02/28

zalantza | "joan behar naiz" ala "joan behar dut"?

Batzuetan zalantza sortzen zaigu behar aditza (behar izan) erabiltzean. 

Honelako kasuetan argi dago:
  • Boligrafoa hartu behar dut
  • Arrautzak erosi behar ditut.
  • Ariketa egin behar dugu.

Baina zer gertatzen da beste kasu hauetan? Nola erabili behar da?
  • Etxera joan behar dut / Etxera joan behar naiz?
  • Non eseri behar dugu? / Non eseri behar gara?
  • Billabesaz etorri behar duzu? / Billabesaz etorri behar zara?

Bada, Euskaltzaindiaren arabera, normalean nor formako laguntzaileak eskatzen dituzten aditzekin ere nork-nor formakoak erabiltzen dira behar izan aditzarekin:
  • Etxera joan behar dut.
  • Non eseri behar dugu?
  • Billabesaz etorri behar duzu?

Hala ere, nor forma ere onartuta dago kasu hauetan (joan behar naiz, etorri behar zara...), zenbait zonaldetan hala erabiltzen baita.
Esaldi inpertsonaletan, baina, nor forma erabiltzen da:
  • Euskara ikasteko, euskaltegira joan behar da.
  • Kurtsoa pasatzeko asko ikasi behar da.
  • Gauzak ongi egin behar dira.

BERAZ 
Euskara batuan joan behar dut bezalako esaldiak egitea gomendatzen du Euskaltzaindiak, baina joan behar naiz bezalakoak ez daude gaizki, onartuta daude. Esaldi inpertsonaletan, nor formak erabiliko ditugu.


Behar izan aditzarekin praktika txiki bat egiteko, talo goxo-goxoak nola prestatu behar diren azalduko dugu hurrengo testutxoan:


Osagaiak: Arto irina, gazta eta ur epela.
Nola egin behar da?
Hasteko, arto irina bota behar dugu katilu batean, erdiraino edo. Ondoren, bi goilarakada gatz bota behar dugu, eta dena nahastu behar dugu.Gero, ur epela gehitu behar dugu. Nahasketa egina dugunean, orea 
indar handirik gabe oratu behar dugu. Masatik hartutako zatitxo batekin, bola bat egin behar dugu.
Mahai gainean irin apurtxo bat jarrita, bola talotzen hasi behar dugu, bolaren kanpoaldetik hasita. Orea findu samarra dagoenean, talo-palara pasatu behar dugu, eta bertan talotu behar dugu, fin-fin utzi arte.
Gero, suari egurra eman, eta zartagi batean jarri eta erre egin behar dugu taloa. Buelta eta buleta ibili ondoren, gazta jarriko diogu, eta jan eginen dugu.
On dagizuela!

2014/01/31

zalantza | "pasatu dut" ala "pasatu naiz"?


Arazoak sortzen zaizkigu batzuetan pasatu aditza erabili behar dugunean. Pasatu aditzak esanahi eta erabilera asko ditu, eta erraza da horiek nahastea. Eta horrela, esaldi aldrebes samarrak ateratzen zaizkigu batzuetan, adibidez:


  • Asteburua oso ongi pasatu gara landetxean.
  • Zure herritik pasatu dut gaur goizean.

Kontuan hartu behar dugu, lehenengo esaldian, galdera klabeak nork pasatu du? eta zer pasatu du? direla:

  • Nork pasatu du oso ongi?  => Guk.
  • Zer pasatu dugu oso ongi?  => Asteburua. 
Kasu honetan, nor-nork motako laguntzaileak erabili behar ditugu (dut, duzue, nuke, zuten, genuen...). Adibidea ongi egonen litzateke horrela:
  • Asteburua oso ongi pasatu dugu landetxean.


Bigarren esaldian, berriz, galdera klabea nor pasatu? da. Esaldi honetan ez luke zentzurik galdetzeak nork?

  • Nor pasatu da zure herritik?  => Ni.
Beraz, nor motako laguntzaileak erabiliko ditugu horrelako esaldietan (naiz, ginen, gara, litzateke, dira...). Gure adibidea ongi egonen litzateke horrela:
  • Zure herritik pasatu naiz gaur goizean.
Pista moduan, aipatuko dugu toki batetik pasatu garela, edo pasatuko garela, edo pasatu ginela esan nahi dugunean (Mendillorritik pasatu nintzen lehengoan, adibidez), nor motako esaldiak egiten ditugula. Beraz, nondik pasatu? galdera dugunean, naiz, zara, ginen, zinateke... eta abar (nor motako laguntzaileak) erabiliko ditugu. 


Ikus ditzagun Elhuyar hiztegiko adibide batzuk:


Pasatu du
  • Aurten oporrak mendian pasatuko ditugu. => Nork? Guk. / Zer? Oporrak.
  • Oso ondo pasatu dugu jai hauetan. => Nork? Guk. / Zer? Jaietan bizi izan dugun hori.
  • Harekin pasatu nahi nuke bizitza osoa. => Nork? Nik. / Zer? Bizitza osoa.
Pasatu da
  • Lehenik kontsultatik pasatu nintzen. => Nor? Ni.
  • Handik Frantziara pastu zen. => Nor? Bera, Lupe, adibidez.
  • Zure albotik pasatu da. => Nor? Bera, Fermintxo, adibidez.
Bukatzeko, hona hemen egunotan klasean landu ditugun esaldi batzuk, ariketa formatuan. Animatu egitera, ea azalpenak ongi ulertu dituzun, eta hobeki erabiltzen duzun pasatu aditza:

2013/11/19

zalantza | "lagundu dut" ala "lagundu diot"?

Maiz erabili behar izaten dugu lagundu aditza, eta batzuetan, zalantzak izaten ditugu.
irudia hemendik hartua

  • Lehenengo zalantza hauxe izaten da: nor lagundu, ala nori lagundu? Edo beste modu batean azalduta: lagunduko dut, ala lagunduko diot?
Bada, Elhuyar hiztegiaren arabera, hegoaldeko hizkeretan ohikoagoa da nori lagundu erabiltzea (nor-nori-nork), eta iparraldekoetan berriz, nor lagundu (nor-nork). Beraz, biak dira zuzenak. Hala ere, geure zonaldean, gehiagotan entzunen ditugu horrelakoak: 
Atzo alabari lagundu nion etxeko lanak egiten, eta gaur semeari lagunduko diot.

  • Bigarren zalantza zera izaten da: lagundu diot, bai... baina zertan lagundu? Horixe da gogoan darabilgun galdera esaldia "planifikatzen" ari garenean; zertan? Adibidez: 
Aizu, lagunduko didazu bazkaria prestatzen 
Atzo alabari etxeko lanak egiten lagundu nion.

Horiexek dira, beraz, lagundu aditza erabiltzen dugunean kontuan hartu beharrekoak:
NORK, NORI, ZERTAN LAGUNDU?

Argi gelditu bazaizu, egizu beheko ariketa kontua hobeki barneratzeko. Adibide gehiago bururatzen bazaizu, idatzi iruzkinetan.



Lagundu... zertan lagundu?

2013/11/12

zalantza | "hobe" ala "hobeki"?

Zein da hobe eta hobeki bi horien arteko ezberdintasuna? Zenbatetan izaten ditugun zalantzak hobe eta hobeki erabili behar ditugunean!

Pista batzuk emanen ditugu:
- Nolakoa da Osasuna?
- Ona, baina Peña Sport hobea da.
- Nola jokatu zuen Osasunak?
- Ongi, baina Peña Sportek hobeki.

Zalantza horiek argitzeko, behean duzu grabazio interesgarri bat. Entzun ezazu, ea ongi ulertzen duzun. Bertan ageri diren adibideak errepasatzeko, egizu azpiko ariketa.


Entzungaia


Ariketa
hobe ala hobeki?

2013/05/15

zalantza - "IruñEtik" ala "IruñAtik? / "IruñEra" ala "IruñAra"?

Iruñea iruindarrendako

Geure hiriaren izena deklinatu behar dugunean, zalantzak izaten ditugu maiz .

Nola esaten da? Iruñatik ala Iruñetik? Iruñako ala Iruñeko?
Zalantza hauek argitzeko asmoz, hemen duzue errepasorako klasean landu dugun entzungaia: Iruñea iruindarrendako.

Entzun ezazu grabazioa, eta gero, egin ezazu azpiko ariketa. Hutsuneak bete beharko dituzu, eta horrela, hobeki barneratu Iruñea zaharraren izenaren erabilera.

Animo!


Ariketa egiteko, egin klik hemen.


Argazkia: Petit, Errotxapeako Erraldoien Konpartsako buruhandia.
Oharra: hau bezalako audio gehiago duzu eskura blogaren eskuinaldean ageri diren Hobetu zure euskara 01 eta 02 atal horietan.

2013/03/04

zalantza - Nola erabiltzen da "ARDURATU"?

ARDURATU aditza erabiltzen dugunean, kontuan hartu behar dugu zein diren bere galdera "naturalak". Alde batetik zertaz? dugu, eta bestetik nor?

NOR ARDURATU / ARDURATUKO / ARDURATZEN DA ZERTAZ?

Imagina ezazue merendu bat antolatu dugula klasean. Bakoitzak zerbait egin edo ekarri behar du.

  • Luis patata tortilla ekartzeaz arduratuko da, Marisol ogia erosteaz arduratuko da, Iker mahaia eta aulkiak prestatzeaz, eta Miren eta Oskar gela garbitzeaz arduratuko dira.


Entzun dezagun nola prestatu duen mafiak bere hurrengo kolpea:



audioa jaitsi

2013/02/04

zalantza - Nola erabiltzen da "OMEN"?

"OMEN" partikula noiz, nola eta zertarako erabiltzen den ikasi nahi baduzu, hemen duzu informazio interesgarria.
Entzun ezazu Arturo Campion euskaltegiak eta Euskalerria Irratiak elkarlanean egindako grabazio hau "omen" noiz eta nola erabili ikasteko. Azalpen eta adibide asko dituzu bertan:



Klasean ere landu dugu kontu hau. Honatx guk nola azaldu dugun:

Noiz eralbiltzen dugu "omen"?
  • Kontaketa bat egiten dugunean eta gertaerak ziurtasunez ezagutzen ez ditugunean. 
  • Ikusi ez dugun zerbait kontatzen dugunean.
  • Egia ala gezurra den ez dakigun zerbait kontatzean.
  • Ziur ez gaudenean edo frogarik ez dugunean, erabili behar omen da "omen".
Nola erabiltzen da "omen"?
  • Omen partikula kontaketa batean, auxiliarren aurrean jartzen da. 
Zeratako erabiltzen dugu "omen"?
  • Beste gauza batzuen artean, kuxkuxean ibiltzeko eralbiltzen ahal dugu. 


Bai bada! Kuxkuxean ibiltzen garenean, oso ohikoa da "omen" erabiltzea. Entzun itzazue euskaltegiko azken aldiko txutxu-mutxuak:



Eta Bartoloren abentura hau kantatzeko ere, "omen" erabiltzen da, guk ez baikenuen ikusi Bartolo bere "Bartolokeriak" egiten:

Bartoloren kanta:

Bartolok egin OMEN zuen
lastozko zubia
handikan pasatzeko
bera eta andrea.
Pasatzen hasi OMEN zen
ta erori zubia!
Bartolok hartu OMEN zuen
ipurdiko handia!
XD


Entzun nola kantatu dugun guk:

2013/01/26

zalantza - "bi alkandora erosi dut" ala "erosi ditut"?

Kasu honetan biak erabil ditzakegu, bi alkandora MUGAGABEA delako, eta mugagabearekin, aditz laguntzailea singularrean edo pluralean jar daiteke.
Dena den, gure zonaldean PLURALEAN erabili ohi dugu.
Baina kontuz! ez baita gauza bera esatea:
  • Bi alkandora erosi dut edo ditut
edo
  • Bi alkandorak erosi ditut.
Bigarren kasuan, nahi eta nahi ez, PLURALEAN erabili behar dugu, zein alkandora diren zehaztu dugulako (atzo denda batean ikusi nituenak, adibidez).
Nahiz eta belarrian mina eman, zuzena da:
  • Bi ikasle etorri da (edo dira).

zalantza | nola erabiltzen da "saiatu" aditza?

Saiatu aditza erabiltzen dugunean, kontuan hartu behar dugu bere galdera “naturalak” NOR? eta ZERTAN? direla: zertan saiatu da nor? adibidez:
  • Liburu hori irakurTZEN saiatu NINTZEN (NI), baina zailegia iruditu zitzaidan.
  • Blog honetan argazki bat jarTZEN saiatu DA (PERIKO), baina ez du lortu.
  • Igandean Petrechema mendira igoTZEN saiatu ginen (GU), baina oso eguraldi txarra egiten zuenez, atzera egin behar izan genuen, eta Linzako aterpean mozkortu egin ginen.
Horregatik, gaizki daude horrelako esaldiak:
  • Liburua irakurtzea saiatu dut.
  • Liburua irakurri saiatu zuen.
  • Liburua irakurtzeko saiatu genuen.
Saiatu aditza erabiltzen trebatzeko, joko-ariketa hau egin dezakezu: egin klik hemen.


2013/01/25

zalantza - "joateko asmoa dut" ala "nire asmoa joatea da"?

ASMOA: DA/DU
Zerbaitetarako aurrez izaten den ideia (Adorez hiztegiaren definizioa).
Kontuan hartu behar da zein galderarekin ari garen jolasean asmoaz hitz egiten dugunean: Zein da zure asmoa? Zer asmo duzu?
Galdera bati edo besteari erantzutea ez da gauza bera:
Adibideak:
  • Udako oporretan nire asmoa da liburu bat irakurtzea (zein da asmoa?)
  • Nik asmoa dut txokolatezko kruasan bat jateko (zer egiteko asmoa?)
  • Nire asmoa zen txango bat egitea baina eguraldi txarra egin zuenez, zinemara joan nintzen (zein zen asmoa?).