txangoak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
txangoak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2025/06/02

Arizkurenera txangoa

Nafarroako ipar-ekialdean, Baztan aranean dago Arizkun. Maiatzaren 21ean txango oso polita egin genuen. Herri txiki polita da, paisaia ederra du inguruan.

Iruñetik 9:00etan atera ginen,13 lagun gehi Izar izeneko txakurra ginenez lau autotan joatea erabaki genuen eta Belateko tunelean zehar Arizkunera iritsi ginen, kostata, ezin aurkitu ibili baikinen, gure ikaskide Feliren etxea. Han autoak utzi genituen eta Felik prestatutako kafea hartu ondoren, klasean komentatutako mendi ibilbideak egitera abiatu ginen.
Felik, gure ikaskideak, bi ibilbide prestatu zizkigun, bat mendian barna aldapatsuagoa eta luzeagoa, eta beste bat lauagoa eta motzagoa. Eguraldi ezin hobea egin zigunez, “alfer batzuk kar,kar,kar” motza egin zuten, Arizkundik, Erratzura, 4 kmkoa. Baina “mendizale finak edo ez hain alferrak,kar,kar,kar ” luzea aukeratu genuen.
Luzearen lehenengo zatian, aldapan gora, zuhaitzen, soroen, loreen eta animalien artean ibili ginen. Izugarri ederra!!
Goian etxe txiki bat dago, handik Baztan arana, Iparralde zati bat eta mendi tontor asko ikusten dira. Hemendik aurrera, aldapan behera, Gorostapolo, Erratzuko auzoraino jeitsi ginen. Bai polita!
Hortik, Erratzuko herriko tabernara joan eta bertan taldeko besteekin elkartu ginen.
Ibilbide motza egin genuenak, Erratzura iritsi ginenean, bueltatxo bat eman genuen herria ezagutzeko eta argazki politak ateratzeko.
13:00a aldera, Baztan ibaiaren bazterreko tabernaren terrazan, bide luzea egin zuten ikaskideekin, pintxoa eta bermuta hartu genituen, oso gustura, leku ikusgarria, ederra benetan.
Erratzutik, batzuk oinez eta beste batzuk autotan, Arizkunera itzuli ginen gure ikaskidearen etxera.
Hor, etxeko atarian, bazkaltzeko mahia apain-apain jarrita zegoen oinez joan ginenak iritsi ginenean eta bakoitzak etxetik egina eramandakoa gustura jan genuen.. Hizketan egon ginen, barrez, mundua konpontzen … eta dena euskaraz barra-barra.
Etxeko ingurua gozatuz eta hodeiak gero eta gehiago agertzen ari zirela ikusiz pasa genuen bazkalondoa. Egun polita pasatu genuen eguraldiaren laguntzarekin.

2019/11/04

B plana

2019ko abuztuaren 8a, osteguna

Wasap bat mugikorrean, Xabi da.

Aupa Gorka! Eguraldia begiratzen ari naiz, eta uste dut gure asteburu “idilikoa” konplikatzen ari dela. Ostiral arratsalde-gauean ekaitzak, larunbatean hodeiak eta agian euri pixka bat, eta igandean euria eta ekaitzak goizetik... agian plana aldatu beharko genuke...

Piriniotako gure mendiko plana, bi egun eta bi gau bibac egiten Arremoulit aterpe inguruan, beste asteburu baterako utzi behar izan genuen.
Hasiera batean, horixe zen plana; egun batean Palas mendira igo, Von Martin pitonetik gora, eta bestean aterpe inguruan eskalatzen ibili. Baina eguraldi txarra iragarria zegoen... Gure burutik beste plan bat egiteko ideiak hasi ziren pasatzen; mendiak, bideak, eguraldia...  azkenean Xabik interneten ikusitako Acheritoko hegoaldeko diedroan barna igotzeko bidea aukeratu genuen. Bide hori Luis Royok eta Julio Benedek (Sendero Limitekoak) ireki zuten 2009an, 400 metro ditu, erdi ekipatuta dago paraboltekin, eta pausorik zailena V+ gradukoa du. Acheritoko tontorrean bertan amaitzen da, 2.378 metrotan. Zer gehiago eskatu dezakegu?

Ostiral arratsaldean Iruñetik abiatu ginen, Siresan furgonetan afaldu, eta bertan lo egin genuen. Afaldu bitartean, Xabi hankan mina sentitzen hasi zen, kanpoan euria hasi zuen... Zalantzak ortzi-mugan; zer egingo dugu? Beste B plan bat? Beno, oheratuko gara eta bihar ikusiko dugu.

Larunbatean oskarbi argitu zuen eguna. Xabik minez jarraitzen zuen, baina pilula bat hartu zuen, eta mina pasatu zitzaionez, goizean goiz Ozako oihanean barna ibiltzen hasi ginen. 2 orduko hurbilketa egin genuen, bide ezin ederragoan barna.



Jendeak 4 ordu inguruan egiten du eskalada, guk 6 behar izan genituen, lasai ibili ginen-eta, friendekin jolasten, parabolt batzuk saltatzen... 14 luze dira. Guk bi soka fin eraman genituen, bat 40 metrokoa eta bestea 50ekoa, baina 40koarekin luze batzuetan oso justu ibili ginen.

Bidea oso polita eta gozagarria da, eskalada mugimendu ezberdin asko egin behar dira; babaresak, organo hodiak, plakak, sabai txiki bat… parte batean, kobazulo batean eta guzti sartu behar da.









Tontorrean zerbait jan genuen eta autora buelta Huerto de Acheritoko lepoan barna. Iruñera itzuli aurretik, plater konbinatu bat hartu genuen kanpin batean (ez dugu izenik emanen). Sukaldaria zoriontzekotan egon ginen, ezinezkoa zelako, nahita ere, lau arrautza eta xingarra pixka bat hain gaizki prestatzea. Dena den, goseak amorratzen geundenez, den-dena irentsi genuen kolpean. Igande euritsua etxean pasatu genuen lasai, bezperako oroitzapenak gogoan.

Ez dugu ezer gehiago behar alai egoteko.

Nola gustatzen zaizkigun B planak, GORA B PLANAK!!!

Hemen eguneko bideotxoa:

2019/06/20

SORGINEN LURRALDEAN

Joan den larunbatean, ekainaren 15ean, B2ko ikasleok oso txango polita egin genuen, Betelura eta Araitzera egun pasa joan ginen.

Beteluraino autoz joan ginen eta Beteluko ostatuan egon ondoren, haraneko taxia, Nekaneren anaiarena hartu genuen, eta Lorentzori esker,, haraneko ia-ia herri guztiak ezagutu genituen: Azkarate, Gaintza, Azkueko gaina, Uztegi eta Arribe eta Atallu ere bai, noski.


Oso paisaia ederrak ikusi genituen, bai mendiak, bai zuhaitzak (batez ere, lizarrak, iratzeak eta gaztainondoak) eta herriak ere bai. Paisaia apartak gozatu genituen eta lasaitasun paregabea.


Gauza bereziak ere ikasi genituen, adibidez, herri batean, Azkaraten agotak bizi izan ziren eta sorginen epaiketa ospetsu bati buruzko filma han grabatu zuten. Azkaraten eliza kanpotik ikusi genuen, itxita zegoelako . Bi ate ditu, bat herriko jende arruntarentzat eta bestea, txikiagoa, agotentzat. Oso bitxia iruditu zitzaigun belarra menditik baserrira, burdinazko kablea eta txirrikaren bidez nola eramaten zuten.


Gero, Juan Gorriti, haraneko artista polifazetiko eta autodidaktaren “GAZTARRI” erakusketa ikusi genuen. Tipoa eta bere lana bereziak iruditu zitzaizkigun, benetan! Lehenengo ezustekoa erakusketaren kokapena bera izan zen, ezerezaren erdian, mendi muino baten kaskoan.


Bere lana egiteko, artistak natura eta ohiko gauzak nahasten ditu, munduaren bere ikuspegia azaltzeko. Horrela, bi mairu-baratza bere eskulturez eginak, Euskal herriko pertsonaia mitologikoak omen direnak, burdinazko behi morea eta abar ikusi genituen.



Erakusketa ikusi ondoren Uztegira abiatu ginen eta baserri batean oso ardi-gazta goxoa erosi genuen. Mmmmm! 


Handik Beteluko ostatura joan ginen bazkaltzera. Omenaldi bat eman genion geure buruari, zer goxoa zegoen dena! Oso bazkalondo luzea egin genuen lagunez eta euskaraz gozatzen.

Itzuli baino lehen udazkenerako plana ere egin genuen, haranera itzultzeko asmoa dugu eta! Zeinen ongi pasatu genuen!!

LORENTZO, ADI, ITZULIKO GARA ETA!!!


2019/02/15

Lizarraga Ergoienara txangoa

Arleze ingurua


Nafarroako ipar-mendebaldean, Andia mendizerraren magalean dago Lizarraga Ergoiena. Otsailaren bederatzian, goizean goiz abiatu ginen herria ezagutu eta urte asko dituen hagina (mila-urtekoa?) ikustera.

Hagina



Iruñetik Irurtzunera lehenbizi, hortik Sakanan barna Lizarragara iritsi, portua pasa eta Bentaberrira iritsi ginen. Han autoak utzi eta poliki poliki hagina dagoen lekura joan ginen.Bidean zuhaitz mota asko zegoen, besteak beste pagoak, elorri txuriak eta beltzak, mihura landarea, … eta basurde bat ere ikusi genuen.

Haginera bidean

 
Pago zahar baten azpian


Mihura

Hemen hamarretakoa egin genuen, elurretan gozatu eta erromatarren galtzadatik itzuli ginen.

Trikuharriaren seinalea


Galtzada


Galtzada

Honen ondoan trikuharri bat, sima bat eta aska batzuk ikusi ahal izan genituen.

Goiko karrikeko labadorie


Bazkaltzera Lizarragara, Azi-iturri txokoa elkartera joan ginen, aurretik herrian barna bueltatxo bat eman genuen. Hau ez da guk uste genuen bezain txikia. Honi buruz zenbait gauza jakin genituen ez genekizkienak, esate baterako argindarra sortzeko saretxoa duela, azken berrikuntza, eskolan erdaraz irakasten zutela lehen ,labadero bat zaharberrituta dutela, apaiza bat omentzeko eskultura bat dagoela … .

Azi-Iturri elkartien bapo
Herria eta etxeak txukun txukun daude.

Eta guk oso gustura pasatu genuen eguna EUSKARAZ BIZITZEN.


AUPA TALDEAAA!!!


2018/06/14

Bidaurretara baratze ekologiko batera

Nekazaritza ekologikoari buruz zerbait ikasteko, Mertxe ikaskideak semearen baratza ikustera joatea proposatu zigun. Ideia ona iruditu zitzaigunez txangoa egitera animatu ginen. Hitzordua adostu genuen eta ekainaren bostean euskaltegiko atarian elkartu eta Bidaurretara abiatu ginen autoz.

Hara joateko, Oltzako Zendea gurutzatu genuen Etxauriraino. Baratza ezagutu baino lehen, Bidaurreta herria ikusi genuen. Gero, baratzean, Aingerurekin (Mertxeren semearekin) elkartu ginen.

Gure lehenengo ezustekoa baratzaren neurria izan zen, erraldoia! Hura leku ederra! Sei negutegi daude eta soro handi bat.



Ibaiaren ondoan dagoenez, uholdeez babesteko zuhaitz desberdinak landatu dituzte, hesi naturala
egiteko, gereziondoak, lizarrak, makalak… eta abar.



Aingeruk oso azalpen interesgarriak oparitu zizkigun bere lanari buruz. Zergatik erabaki zuen nekazari izatea, nola landatzen diren barazkiak, nekazaritza ekologikoa eta naturaren arteko harremanaz… Eta uzta ona lortzeko garantzitsua dela lur bustia ez zapaltzea abisatu zigun.



Nekazaritza ekologikoak naturaren tresnak erabiltzen ditu horregatik negutegi barruan borraia landareak loratzen utziak zituen erleek jatekoa izateko, erleak ezinbestekoak dira polinizazioa egiteko, guk ikusitako borraia erlez beteta zegoen.



Aingeruk azaldu zigun nola egiten duen ongarri naturala:
. Alde batetik, Belaskoaingo artzai batek ematen dio artaldearen kaka.
. Bestalde, landareen hondakinak ditu.
Biak nahasita eta ilargiaren faseei begiratuta landuz, konposta deritzona lortzen du lurra elikatzeko.



Bukatzeko, Tomasek (Aingeruren aita) hamaiketakoa goxo eta galanta prestatu zigun:
. Kukuluak antxoekin.
. Patata tortila.
. Zerba tortila (hau jaten genuen lehenengo aldia batzuentzat).
. Edateko, denetarik ardo zuria, beltza, zukua …
. Postrerako, nola ez, Bidaurretako gereziak! BIKAINAK!
. Bukatzeko, zerbait goxoak huts egin ez dezakenez … Getarian etxean lehengusu batek egindako pastak kafean bustitzeko.



Giro ezin hobean geundela, zoritxarrez, denok presa genuelako elkar agurtu genuen.

2018/04/26

Gartxoten bidea


Arturo Campionek Gartxot Itzaltzuko bardoaren kondaira idatzi zuen. 
Hori dela eta, euskaltegikook txango bat antolatu genuen Gartxoten bidea egiteko.

Gartxot XII. mendean bizi izan zen, Itzaltzun, Nafarroako Pirinioetan. Bardoa eta mendi gida izan zen. Gartxoten istorio triste eta dramatikoa euskararen historiaren adierazlea da.

Gartxoten kondaira deskubritu nahi baduzue, nobela edo komikia irakur ditzakezue, edota filma ikus dezakezue.


Apirileko igande batean, goizeko 8etan elkartu ginen autobusa hartzeko Itzaltzura joateko. Silviak gidatuta, hogeita bost laguneko taldea mendian barna abiatu ginen. 

Oihanean barna igotzen ari ginen bitartean, alde hartako landaredia ezagutu genuen. 


Pare bat ordu ibili ondoren, Elkorretara iritsi ginen, Gartxoten kobazulora, eta han, hamaiketakoa egin genuen. 



Ausartenak kobazulora sartu ziren.


Indarrak berritu ondoren, berriz jarri ginen martxan eta xanpu iragarki bat grabatzeko moduko ur-jauzi zoragarri batera iritsi ginen. 

Handik jaisten hasi ginen eta gutxinaka Itzaltzura iritsi ginen. Zati hartan Pirinioetako paisaia elurtuez gozatu ahal izan genuen.


Itzaltzura iritsita, herriko elkartean bapo bazkaldu genuen.


Bazkal ostean, lehia handiko esku-pilota txapelketa batek ginda jarri zion egun bikainari.



Honatx ibilbidea mapan