euskara interneten etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
euskara interneten etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2014/01/24

zientzia | Kultura Zientifikoa 1. Jaialdia

Kultura Zientifikoa 1. Jaialdia abian da.

Jaialdiaren helburua kultura zientifikoa zabaltzea da, euskaraz, eta horretarako jende guztia gonbidatu dute parte hartzera. Bai, bai; jende guztia. Nahi duenak har dezake parte: ikertzaileek, kazetariek, ikasleek, pentsionistek, futbolzaleek, ezkertiarrek, etxekogizonek, koldarrek, eskuindarrek, budistek, kirolariek, jazz musikariek, nerabeek...


Hauxe da ideia: parte hartu nahi dutenek testu bat (edo bideo bat, audio bat...) prestatu behar dute zientziaren edozein arlori buruz, eta interneten publikatu behar dute. Testuak Kultura Zientifikoa 1. Jaialdiarekin bat egiten duela aipatzea aski da parte hartzeko. Ekarpenen helburua dibulgatiboa da; beraz, Nobel Saririk jaso ez baduzu ere, parte har dezakezu, ez izutu!

Zientzia Kaiera bloga da jaialdiaren anfitrioia. Parte hartzaileek beren blog edo web orrietan argitaratu ditzakete beren ekarpenak, baina horretarako aukerarik ez badute, Zientzia Kaiera blogean egin dezakete. Ekarpenak martxoaren 31 arte egin daitezke.

Jaialdi hau antolatzeko ideia Jon Mattin Matxain EHUko irakasleak bota zuen bere blogean, eta arrakasta nabarmena lortzen ari da. Zientziaren munduko hainbat erakundek eta banakok bat egin dute ekimen honekin.

Egindako ekarpen bakoitzeko,
taula periodiko gozo honen karratutxo bat emanen dute!

Gure euskaltegiko ikasle batzuk ere zerbait prestatzeko gogoz dabiltza, eta luze gabe blog honetan bertan lanen bat edo beste argitaratzeko asmoa dugu.

Jaialdiaren inguruko informazio gehiago aurkituko duzue Twitterren #KZjaia etiketa bilatuta, edota beheko esteketan:

2013/10/07

Euskalbar: hiztegi guztiak aldi berean


Euskalbar oso tresna baliagarria da. Ordengailuan instalatzen den "barra" bat da, eta barra horren bidez, hiztegi askotan eta aldi berean, hitzen esanahiak bila daitezke.

Oso erabilgarria da testu bat idazten ari zarenean kontsultak egiteko, mezu elektroniko bat idaztean zalantzak argitzeko, irakurtzen ari zaren testu batean ulertzen ez duzun hitz baten esanahia bilatzeko...
Itzultzaile profesionalen artean oso zabaldua dago.

Euskalbar instalatzea oso erraza da. Baina kontuan hartu behar da Firefox-ekin bakarrik egin daitekeela (gainerako nabigatzaileekin ez du funtzionatzen). Beraz, lehenengo Firefox instalatu behar da, eta gero Euskalbarren web guneko informazioa kontsultatu.

Bideo honetan, Euskalbar zer den eta nola instalatzen den azalduta dago:

2013/09/26

Zein liburu irakurri?


Askotan izaten ditugu zalantzak liburu bat euskaraz irakurri nahi dugunean; ulertuko al dut? Nire maila kontuan hartuta, gustura irakurriko dut? Zailegia izanen ote da hura edo bestea?

Tira bada, oraingoan, zalantza hauek argitzen laguntzeko tresna batez hitz egin nahi dugu; Haberen Irakurgai Mailakatuak txokoa interneten. Bertan, liburu zerrenda luzea aurkitu daiteke, mailaz maila sailkaturik. Geure mailaren arabera egin ahal izanen dugu liburuen bilaketa.

Liburuzaleak baldin bazarete, oso erraz izanen zaizue txoko honetan zuen mailari egokitutako liburuak aurkitzea.

Bi modutan aurki dezakezue liburuen mailaketa hau:

  • Interneteko Haberen helbide honetan (eguneratu egiten da, eta liburu berriak sailkatu ahala, bertan agertzen dira): egin klik hemen.

  • PDF honetan (hau ez da eguneratzen, baina akaso sailkapena argiago dago egina): egin klik hemen.

Informazio hau Super-Lorena ikasle txit agurgarri liburuzain fin nekaezinari esker lortu dugu, mila esker!

Goza itzazue liburuak euskaraz!

2013/09/07

mintzanet.net, mintza euskaraz interneten

Hauxe da mintzanet.net web gunearen aurkezpen testua:

Euskara ikasten ari zara baina ez daukazu norekin praktikatu?   Euskara ikasi zenuen, baina erdi ahaztuta daukazu? Euskaltegiko saioez gain, euskaraz egiten duten mintzakideak topatu nahi dituzu?


Eta hala da. Internet bidez (skype erabiliz), euskaraz hitz egiteko, mintzatzeko, aukera eskaintzen du Donostiako Udalak lagundutako web gune honek.

Beste gauza askotan bezala, jendea portatzen delako funtzionatzen du honek ere; hau da, jendea boluntario gisa aritzen da euskaraz. Mintzakide, Berbalagun... eta horiek bezalako kontua da, baina on line.

Euskara ikasten ari den jendearendako oso interesgarria izan daiteke. Norberak aukeratzen du noiz egin nahi duen saioa, maiztasuna, zenbat ordu, zein gairi buruz hitz egin nahi duen, zein adinatako jendearekin...

Ikusi bideoa, eta atera zuek zeuon ondorioak.

Web gunearen helbidea, hauxe duzue: 

Anima zaitezte!