esaerak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
esaerak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2014/12/27

esaera | Bazen garaia!

Zerbaiten zain gaude. Zerbait gertatzea nahi dugu. Azkenean, gertatzen da, iristen da momentua. Eta orduan... a ze poza! "Bazen garaia!"

Horixe da esaera hau erabiltzeko egoera. Adibidez, klasean aspergarri bat bukatzen denean erabiltzen dugu. Edo oporrak iristen direnean. Horrelako egoera batzuk pentsatu ditugu, eta elkarrizketa batzuk sortu ditugu "Bazen garaia!" esaera tartekatzeko. Hemen dituzue grabaturik.

Entzun itzazue, eta gero, egin azpiko ariketa errepaso gisa.

Beste egoeraren bat, edo elkarrizketaren bat bururatzen bazaizue, idatzi iruzkinetan, eta gustura irakurriko ditugu!
Grabazioko musika: Anaia Arrebak

Grabazioa



Ariketa

Bazen garaia!

2014/10/30

esaera | Bai zera!

Zerbait posible ez denean, zerbaitekin ados ez gaudenean, edo oso harrigarria iruditzen zaigunean, askotan erabiltzen dugu bai zera! esaera.


Klasean, praktika txiki batzuk egin ditugu, eta hemen dituzue errepasatzeko.


Entzun grabazioa pare bat aldiz, eta gero, saiatu ariketa egiten (grabazioko musika Gatibu taldearena da, Ure dakar zeruek izeneko kanta).

Zuri beste adibideren bat bururatzen bazaizu, animatu zaitez eta idatzi iruzkinetan!


Grabazioa

Ariketa

Bai zera!

2014/06/13

esaera | Lehengo lepotik burua!

Norbaitek bere oihutura txarrak ez dituela aldatu adierazi nahi dugunean erabil dezakegun esaldia dugu hau;

  • Urliak lehengo lepotik burua jarraitzen du.
  • Sendia lehengo lepotik burua (duela) dabil. 

Klasean esaldia noiz erabiltzen den ikasteko elkarrizketatxo batzuk prestatu ditugu, eta horietatik bi aukeratu ditugu. Hementxe dituzue, ea zer iruditzen zaizkizuen:

Lehengo lepotik burua 01




Lehengo lepotik burua 02




Hemen dituzue grabazioen transkripzioak:

Lehengo lepotik burua 01

Aupa, bikote!
Aupa!
Zer moduz doaz auzoko jaietako prestaketa lanak?
Uff... ba, azken momentura arte gauzak zintzilik eta prestatu gabe.
Beti bezala, badakizu, lehengo lepotik burua. Desastre hutsa gara!
Laguntzera etorri nahi baduzu...
Gustura joango nintzateke, bai, baina basurdea labean daukat, eta joan beharra daukat...
Bai, bai... zu ere lehengo lepotik burua, ezta?

Lehengo lepotik burua 02

Kaguen.... gaur berriz ere irabazten hasi, eta azken momentuan kaka goitik behera! Kriston gola sartu digutela!
—Eta aurrekoan ere bai, gauza bera! Beti igual!
—Talde honek lehengo lepotik burua jarraitzen du! Atera beste ronda bat patxaran!

2014/04/16

esaera | Zezena aipatu, eta hantxe agertu!


Norbaitetaz hizketan ari garela, pertsona huraxe gu gauden tokian agertzen denean erabiltzen dugu esaera hau. Hara! Zezena aipatu, eta hantxe agertu!

Esaera erabiltzen trebatzeko, ekarrizketa batzuk prestatu ditugu klasean. Hemen dituzu entzungai:





Zezena aipatu, eta hantxe agertu! 01


Zezena aipatu, eta hantxe agertu! 02


Zezena aipatu, eta hantxe agertu! 03



Hemen dituzue grabazioen transkripzioak:
Zezena aipatu, eta hantxe agertu! 01
Aupa, Joxemi!
Aupa, Bane! Zer, pasatu zaizue festondoa?
Bai, baina ni ez nintzen hainbeste pasatu, primeran jaiki nintzen igandean.
Zure lagunak ez  du gauza bera esango, ezta? Kriston aitzurra harrapatu zuen eta!
Bai, bai, uf! Ez du gogoratzen egin zuenaren erdia ere!
Mahi gainean dantzan ibili zela ere ez?
Kar, kar! Ez, ez.
Hara, begira; zezena aipatu eta hantxe agertu!

Zezena aipatu, eta hantxe agertu! 02
Aupa, Eduardo, zer moduz?
Ongi! Zer, pote bat hartuko dugu?
Bai, primeran, gainera gauza bat proposatu nahi dizut.
A, bai? Esan.
Zer iruditzen zaizu datorren larunbatean sagardotegi batera joatea?
Ostras, oso ideia ona iruditzen zait. Eta zergatik ez diogu esaten Joni? Sagardotegi batera joateko irrikitan dago eta.
To, zezena aipau, eta hantxe agertu. Kaixo, Jon!
Kaixo!

Zezena aipatu, eta hantxe agertu! 03
Silbia, badakizu Xabi ezkondu egin dela? Atzo kontatu zigun.
A, bai! Ba ote! Ez dut sinisten! Ba udan komentatu zigun, ezkonduz gero pote batzuk hartzera gonbidatuko gintuela.
Aupa, Joxepa!
Begira; zezena aipatu, eta hantxe agertu!


2014/03/31

esaera | Zozoak beleari ipurbeltz!

Norbaitek berak egiten duen hutsen bat beste bati leporatzen dionean erabiltzen dugu esaera hau. Zozoa eta belea, biak dira txori beltzak, eta beraz, harritzekoa litzateke zozoak beleari ipurdia beltza duela esatea!
Hala ere, zenbatetan ez ote dugu geure burua horrelako egoeretan ikusten?
Klasean horrelako batzuk komentatu ditugu, eta esaera hau erabiltzen trebatzeko elkarrizketatxo batzuk prestatu ditugu. Beherago dituzue entzungai.
Besteren bat bururatzen bazaizue, anima zaitezte iruzkinetan azaltzera!



Zozoak beleari ipurbeltz! 01


Zozoak beleari ipurbeltz! 02


Hemen dituzue grabazioen transkripzioak:

Zozoak beleari ipurbeltz! 01 
Etxean hiru lagun bizi gara, eta gauza bat dela edo bestea dela, egunero eztabaida izaten dugu bazkalorduan:
—On dagizula, Koldo, zer hartu duzu gosaltzeko?
—Ba betikoa, kafea, tostadak… zer ba?
—Eta gurina ere bai, ezta?
—Bai, noski.
—Eta non utzi duzu gurina? E? Mahai gainean?
—Bai, joe, barkatu, e? ahaztu egin zait… Baina atzo, eta herenegun, eta aurrekoan nik gorde behar izan nuen, e? Ez zara oroitzen, maitea? Ains… Zozoak beleari ipurbeltz!

Zozoak beleari ipurbeltz! 02 
Markos eta Marijose lagunak dira, eta elkarrekin bizi dira. Etxean komun bakarra dutenez, goizero sortzen da arazoren bat, biek ordu berean erabili behar izaten dute eta:
—Tok, tok! Markos, mesedez, atera zaitez behingoz!
—Bai, egon lasaaaiii. Oraintxe aterako naiz eta!
—Badakizu presaka nabilela!
—Jooeee! Behin lehenengoa sartuko, eta… ala, tiiira, pasa, pasa…
—Ze motela zaren!
—Motela ni? Aizu, beti nik egon behar izaten dut zure zain, e! Zozoak beleari ipurbeltz!

2014/03/24

esaera | Sutan jartzean probatzen da eltzea


argazkia hemendik hartua
Esaera hori lantzen ibili gara egunotan klasean. Sutan jartzean probatzen da nolakoa den eltzea, edo, laburrago ere erabili ohi da; sutan jartzean probatzen da eltzea. Hemen duzue esaeraren azalpena, eta adibide batzuk. Anima zaitezte, eta idatzi iruzkinetan adibide gehiago. Gogoan hartu; zenbat eta gehiago erabili, orduan eta hobeki ikasiko ditugu esaerak!

Azalpena
Zerbait uste bezain ona edo baliogarria den jakiterik ez dago benetan probatzen den arte.

Adibideak
Elkarrizketa batzuk ere sortu ditugu nola erabili ikasteko.
Hemen dituzue entzungai:

Sutan jartzean probatzen da nolakoa den eltzea 01

Sutan jartzean probatzen da nolakoa den eltzea 02


Hemen dituzue grabazioen transkripzioak:

Sutan jartzean probatzen da nolakoa den eltzea 01 
—Alpeetara joateko erosi nuen berokia erakutsiko dizut.
—Zer, hain garesti ordaindu zenuen hura?
—Bai, begira, hauxe da.
—A bai, oso polita da, Cris, eta oso ongi ematen dizu.
—Dendan esan zidaten oso ona dela haizeaz eta euriaz babesteko. Eta baditu reflektante berezi batzuk, kolorez aldatzen direnak tenperaturaren arabera.
—A bai? Joe zenbat gauza! Dena den, sutan jartzean probatzen da nolakoa den eltzea.

Sutan jartzean probatzen da nolakoa den eltzea 02 
—Hautagaien artean, zein iruditzen zaizu egokiena lanposturako?
—Ba... azkena, ezta? Esperientzia eta motibazio handikoena da, hiru hizkuntza dakizki gainera...
—Erabat ados nago. Eman diezaiogun aukera bat ikusiko dugu ba.
—Bai, azken finean, sutan jartzean probatzen da nolakoa den heltzea.