Etxepareren txokoa etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Etxepareren txokoa etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2021/06/15

                                                                           

 

 

                                                                          

 

 

 

 

 

 

Imatge

 

 

                                                                        ASTOAK

 

 


"Astoak xantza (laguntza) ematen dizu bideetan" halaxe dio Azkuek Zuberoan bildutako esaera zaharrak. Edota hizkuntzalari eta idazle berak jaso zuen beste hau ere: "Astoak ardoa ekarri eta ura edan". Asko dira euskal usadioan animalia xume eta eder honi buruzko esaerak eta atsotitzak. Izan ere,  garai batean astoa etxe gehienetan izaten baitzen.

- Asto, zeri so zaude?  Zer ari zara begiratzen?

Belarriek gorantz altxaturik, bere harridura azaltzen du. 

- Gure etxe barruan dauden gauzak? Akaso etxeko ondasunak nahiko zenituzke?

-Ez duzu gure bizimodua ulertzen eta horregatik, maiz, ergeltzat hartu izan zaituzte. Ba ote dute  arrazoirik? Guk behar guztiak ordaindu behar ditugu: jantziak, jakiak, sakeleko telefonoa, argindarra...eta horregatik noizbehinka banku-kontua begiratu behar izaten dugu ea zein kolorekoa den. Gorria edo beltza. -Zuek, ordea, ez duzue ezer behar, ez besaulki ezta argirik ere. Jantzi ere, ez zarete janzten eta larrugorritan ibiltzen zarete.

-Arestian esan dizudan bezala, guk besteekin telefonoz hitz egiten dugu, zuek arrantzaka egiten duzue eta elkar ulertzen omen duzue. Nor ote dira aurreratuenak?

-Mende askoan bidaia egiteko zuek zineten gure automobila. Garai batean esaten zen moduan, "utilitarioa". Eskukada bat lasto eta belar apur batekin astook kilometroak egiten zenituzten. Nabigatzaile automatikoa duzue...

Ziotenez, baserritar bat tabernan mozkortuta zegoelarik, lagunek asto gainean igo eta honek baserriraino eraman ohi zuen nagusia xuxen-xuxen eta inolako laguntzarik gabe. Hori adimena, hori!

Beharbada, argazkian etxe barrura begira dagoen astoak bart horixe bera egin du, alegia etxeko gizona bere gainean kaleko tabernatik baserrira ekarri, eta orain ea nola dagoen, ea esna ote den so dago. Batek daki!

Bukatzeko garaia ere badut, bestela beste atsotitz hark dioen bezalaxe, hemen izanen naiz zuek aspertzen "astarrak kumea egin arte".




                                        SHAKESPEAREREN LOREEN ATZETIK

 

 

 

 

 

 

 Ordiziako Udala on Twitter: "Bruselako azak, pentsamendu-loreak,  artaburuak, perretxikoak, piperrak.. eta primerako giroa gaur @OrdiziAzoka  -n #azoka #mercado #market #Ordizia… https://t.co/bgocJWiy25"

 

 

 

 

 

 

 

 


Egia aitortu beharko banu, esan dezadan ez naizela oso lorezalea. Loreak gustatzen zaizkit, bai, batez ere udaberrian sortzen direnak, beren koloreekin natura osoa zipristitzen dutela. 

Udaberrikoek bai harritzen nautela. Horiek koloreak! Nola nahasten diren haien artean izugarrizko konposizioak osatuz! Gero baditugu hiritarrak direnak, hots, espaloietako harlauzen artean, modu harrigarrian, atera eta haztea lortzen dutenak. Horiek bai meritua! Gainera xumeak izaten dira, txikiak, meheak...edozein mementutan, bai abuztuko bero sapak lehortu edota otsaileko hormak izoztuko dituenak.

Dena den nire etxean ez daukat lorontzirik, beno badago bat balkoian, nahiko handia gainera, baina sekula ez du bere balizko betebeharra egin eta hutsik egoten da txoko batean. Herriko etxean ordea, familiaren etxean, badago pila bat baina ni ez naiz haiez arduratzen, begiratu ere ez, askotan.

Orduan argazkia iritsi zitzaidan eta ikusi nuenean nire buruari galdetu nion: "-zer atera dezaket argazki honetatik?" Testu txukun bat egiteko eskatu didate eta nik loreei buruz dakidana hutsaren hurrengoa baino ez da.

Izena bai, hori behintzat banekien: "Pentsamenduak". Izen ederra. Argazkiaren ikuste hutsak gogorarazi zidan negu partean familiakoek lore mota horiek landatzen dituztela gure amaren hilobian.

Gero irudiari arretaz begira geratu nintzen, zerbait esanen balit bezala, eta bai, loreak "-zer ari zara begiratzen?" esaten zidala iruditu zitzaidan. Izan ere, lore horren petaloek aurpegi haserre moduko bat osatzen baitute, sudurra zimurtuko balute bezala. Ondotik jakin-mina piztu egin zitzaidan ea nondik zetorkion izen bitxi hori eta dokumentatu nintzen.

"Pentsamendua" esanahia duen  frantsesezko "penses" hitza da bere izenaren jatorria. Lorea aitzinatik nostalgiarekin eta maitasun oroitzapenekin lotu ohi da eta hori dela-eta, zenbait tokitan, "Nomeolvides" izenez ezaguna da. Zenbaitzuen aburuz, zimeltzen hasten denean, aurreranzko jarrera hartzearekin ere lotzen da, hausnarrean ari den pertsona baten antzera.

Eta zer esanik ez, kristau-bertsioa ere badu, bere hiru petaloek Iruneren Misterioa (Aita, Semea eta Izpiritu Santua) irudikatzen dute eta, hori dela kausa, "Trinitaria" izena ere ematen zaio hor barna.

"Viola tricolor hortensis" basa-lorea bazen eta dotoretasunez erakusten zituen gainean eroritako ihintza eta izotza. XIX. mendean Ipar Europako lorezainek bioleta desberdinekin gurutzatu zuten eta, horren ondorioz, 400 barietate sortu zituzten.

Mitologiari dagokionez, elezahar zenbaitetan bere irakaspen bereziak ematen dizkigutela ageri da. Erdi Aroan bertan  jadanik ezaguna zen elezahar horietako batek dioenez, lo dagoen pertsona baten gainean pentsamendu-lore bat jartzen baduzu, loreak bere gainean jardun eta pertsona horrek, esnatzen den unean berean, ikusten duen lehen pertsonaz maiteminduko dela. Kontuz beraz!

Baina izenburuak iradokitzen duen bezala, literatura arloan ere, lore honi buruzko erreferentziarik maiz ageri da. Horixe da W. Shakespeareren kasua. Idazle honek sarri erabiltzen zituen loreak pertsonaien emozioen sinbolo gisa. "Hamlet" liburuan Ofeliaren ahotan eta"Udako gau bateko ametsa" deritzon lanean, aldiz, Oberan eta maitagarrien erregeak desobedientzia zigortzeko, bere iratxoen laguntzaz, lore honetatik ateratako zuku magikoa prestatzen dute maitagarrien erregina Titaniari edanarazteko eta horrela animalia batekin maitemin zedin.

Ipuinak ipuin, lorearen edertasunaz gain, berau medikuntzan, industrian eta gastronomian ere erabili ohi da.

Loreek beren hizkuntza badute. Gogora ezazu hori loreak oparitzen dituzunean!

2021/06/14

                                                        
                                                            URTE EDER HAIEK

 

 

 

 


900+ ideas de FOTOS ANTIGUAS DE NIÑOS en 2021 | fotos antiguas, fotos, niños

 

 

 


Bizitzak hamaika bira ematen ditu eta, nahi ala ez, guri ere, ziba bat bagina bezala, emanarazten dizkigu. Esan gabe doa aldaketa hauek, nola edo hala, bakoitzak kudeatu behar izaten dituela.

Azken urte eta erdian ere, jasaten ari garena ez da salbuespen bat eta hala konfinamenduari nola kutsatzeko beldurrari edota gaixotasunak ekarritakoari ere, aurre egin behar izan diogu, nork bere moduan.

Konfinamendu bitarteko atsedenaldia bukaezina zenez, jasangarriagoa egin ahal izateko eta denbora galdu hari ahalik eta zuku gehien ateratzeko, herriko etxean garbiketa orokorra eta sakona egitea otu zitzaigun. Ganbaran daukagun armairu zahar-zahar batean, zer eta hautsez estalitako kartoizko kutxa bat aurkitu nuen. Kutxaren estalkia kendu nuela, aspaldiko, beste garai bateko argazki horiztatuekin egin nuen topo.  Argazki haiek ikusi bezain laster, erabat ahaztuta nituen oroitzapenak eten gabe burura zetozkidan; bereziki argazki txiki batek ekarrarazi zizkidan oroimenak, aspaldiko istorio bat gogorarazi zidan eta horri buruz mintzatuko natzaizue.

Aipatu argazki hartan, Piluka, Josefinita eta Miguelito ageri ziren. Hirurak on Pernando eta Sabinaren seme-alabak. Harritzeko modukoa da, laurogei urte baino gehiago pasa badira ere, atzo izan balitz bezala, oroitzen naiz.

Izan ere, argazkia egin zen egun hori ahaztezina izan zen. Garai hartan herriak umeondako eskola berri-berria eraiki baitzuen eta herriko apaiza ez ezik, probintziako agintariak, gobernadorea barne, ageri ziren. Inaugurazio hartarako, bai Pilukak, bai Josefinitak ere, soineko berri bana estreinatu zuten eta. Baina soinekoak berdinak zirenez, Pilukari, ahizpa zaharrenari, ez zion nonbait grazia handirik egin. Haiek ziren negarrak, haiek!

Pilukak izugarrizko trebetasuna zeukan matematiketan, egungo egoeran biziko balitz, ziur nago, superdotatu horietakoa izanen zela... baina garai hartan bai emakumezkoa, bai benetako familia behartsu batekoa izateagatik,oraindik nerabetzaroa iritsi ez zitzaiolarik, ikasketei utzi behar izan zizkion.

Etorkizun oneko neska zen, baina patuak eta, batez ere, denbora hartako egoera kontuan hartuta, Pilukak itxaropenari uko egin behar izan zion eta gazte-gazte herriko aberats baten etxean lanean hasi egin zen neskame.

Bere ahizpa Josefinitak, Pilukak baino hiru urte gazteagoa zen; ez zen hain bikaina, baina nire bizitzan, aztarna sakona utzi zuen, nire lehendabiziko azukre-koxkorra izan baitzen eta aurreneko hori, denok dakigun bezala, ahaztezina izaten da. Beti, bata joaten zen lekura, besteak jarraitzen zion edo alderantziz. Hori zen hori maitasuna! Aurrerantzean ez dut inoiz hain maitasun garbia aurkitu, dudarik gabe!

Zer gertatuko zatekeen, lau urte geroago Ameriketara lanaren eta etorkizun oparoaren bila joan izan ez banintz? Berekin ezkonduko nintzatekeen? Batek daki! Baina Josefinitak utzitako aztarnak, oraindik, bihotzaren leku sakon-sakonean ukitzen nau.

Miguelitori dagokionez, on puska izateaz gain, pazientzia handikoa zela zalantzarik ez dago. Josefinitarekiko nire maitasun istorioak, txintik atera gabe, jasan behar izan zituen. Berdin pozak nola penak ere. Edo hobeki esanda, Josefinitari dagokionean, Miguelito eta biok lagunak baginen ere, nire laguntzaile izatera behartu nuen. Gizajo halakoa!

Egun ez dut garai hartako sasoi ezta burua ere. Gainera, jakin badakit, nire buruak alzheimerraren atea jo duela eta laster gaixotasunak oroimenik gabe utziko nauela, dena lauso, dena beltz. Egun hartakoarena, ordea, xeheki oroitzen dut. 

Badakit nire egunak joaten ari zaizkidala, baina ez dut presarik muga horretara heltzeko. Norbaitek presarik badu... ni baino lehen joan dadila!

2021/06/01

ZER OTE?


Baina zer gertatu ote zen? Alegia, zer gertatu ote zitzaigun duela urtebete baino gehixeago? Bat-batean dena aldatu zen inork ezer jakin gabe, egun batetik bestera gure bizimoduak kriston anabasa bihurtu ziren, esate baterako supermerkatuetan gertatu zena, zergatik gauetik goizera, bete-beteta zeuden apalategiak hutsik ageri ziren? Ez zegoen lekalerik, ez zegoen lixibarik, ez zegoen janaririk, ez zegoen ezer eta garrantzitsuenetarikoa zen gauza bat, ez zegoen komuneko paperik! 3. Mundu Gerra bazetorrela zirudien!

Ez dakit zer gertatu zen, guk haiek jakitea nahi zutena besterik ez genekien, baina komuneko paperarenak oso sentsazio arraroa eragin zidan, eta agindu nion nire buruari zer arraio gertatu zen eta zergatik aurkitu arte ez nukeela amore emango, ez horixe!

Eta hori esanda, une batean nire ikerketa-taldea antolatzea erabaki nuen, zer gertatzen ari zen jakitekotan, baina gure lehen galdera zera izan zen: “nondik hasi?” Segituan erabaki genuen gaia ongi ezagutzen zuen pertsonarekin hastea zela onena. Beraz, Osasun Sailburu Santos Indurain andrearekin harremanetan jarri ginen, ez dakit ezagutzen duzuen, ile gorria daramana eta beti berri txarrak ematen dizkiguna. Horixe bera da!

Hasieran, hark ez zuen gurekin hitz egin nahi izan, eta esan zigun berak ez zekiela ezer gai horri buruz, baina behin eta berriz erregutu ondoren, nahi genuen informazioa eta harremanetarako pertsona baten izena eman zizkigun. Berehala prestatu genuen pasaportea, agintarien beharrezkoa zen baimena (itxiera perimetrala zela-eta) lortu eta Ekialdeko Europan ezkutatutako herrixka batera joan ginen Irena Buzarewicz-ekin hitz egitera.

Iritsi ginenean, haren aurrean agertu eta gure bisitaren arrazoia eta esku artean genuen ikerketa azaldu genizkion, baina hark ere uko egin zion laguntza emateari eta poliziari deitzearekin mehatxatu egin gintuen. Behin eta berriz gaiaren larritasuna azaldu ondotik, behingoan berak zekien guztia eta zituen dokumentu eta argazkiak guri ematea eta zehatz-mehatz azaltzea erabaki zuen. Orduan, argazki batzuk ikusi ondoren, supermerkatuetako apaletako komuneko papera zergatik desagertzen ari zen ulertu genuen.

Dirudienez, zahar-egoitzen arteko nazionarteko gymkana moduko bat (sekretua, jakina) antolatua zen, eta gymkana horren froga garrantzitsuenetariko bat omen zen komuneko papera erabiltzea modu berezi bezain xelebre batez zeruan artizarra aurkitzeko, eta horrek eragin handia izan behar zuen gure supermerkatuetan komuneko paperik ez izate horretan, baina Irenak ziurtatu zigun lehiaketa amaitzen ari zela eta laster normaltasunera itzuliko ginatekeela.

Komuneko paperik ezaren arrazoi nagusia zein zen jakin ostean, Iruñera itzultzea deliberatu genuen, agintariak ezezik, herritarrak ere lasaitzeko eta behin gymkana amaituta, etorkizunean hornikuntza-arazorik ez zela izanen jakinaraztera.

Iratzargailuak jo du, goizeko 7ak dira, gaur ere ohetik jaiki naiz, egunero bezala, euskaltegira joateko, eta pentsatu dut: “ A zenolako amesgaiztoa izan dudan!” Hala ere, kalera atera naizelarik, ohartu naiz etxean musukoa ahaztu zaidala, eta orduan ohartu naiz benetan ez dela amesgaiztoa izan, baizik eta errealitate gordinaren ondorioa.

2021/05/19

"LANAK ASKE EGINGO ZAITUZTE"

 

Cracoviatik Tichyra doan errepidea mendixka artean igarotzen da. Trafiko handia jasan behar izaten du, batez ere kamioiak, inguruko industrialdeak helmuga dutela. Europa osoko ibai ospetsuenetako bat, Vistula hain zuzen ere, ondo-ondoan, paraleloki, daramagu. Autobusez goaz, autopullman turistiko horietako batean. Hotelean goiz gosaria hartu eta segidan igo gara bidaiari ekiteko. Helmuga ez dago urruti, kilometro bakar batzuk, zehazki ez dakit zenbat. Ordubete inguruko bidaia. Gaur zortea izan dut eta leihoaren ondoan lortu dut esertzea, paisaiari so. Lekua atsegina da, berde-berdea eta bidean barrena ikusten diren herriak benetan ederrak dira. Inork ez luke esango, leku eder honetan, duela laurogei bat urte, historiak bizi izan duen gertaerarik ankerrena jazo zela.

Kaskoak jantzi ditut eta Frank Sinatrak, New York-eko Madison Square Gardenen abesturiko "My way" kanta ospetsua aditzen ari naiz. Bat-batean gure gidak oso distantzia gutxi falta dugula esan digu eta poltsak eta berokiak hartzen hasteko.

Azkenik iritsi gara. Urteetan amestutako bidaiaren helmugara iritsi gara. Auschwitz. Autobusetik jaitsi eta turista andana ikusten da inguruetan. Hotza egiten du, haize hotza dabil eta bortizki jotzen du.

Atarian burnizko hesi beldurgarria, eta hesiaren gaineko aldean, ongi etorri makrabroa eman nahi izango baligu bezala: "Arbeit macht frei". Denok badakigu alemanieraz idatzitako esaldi honek euskaraz "lanak aske egingo zaituzte" esan nahi duela. Naziek Alemanian ezezik, Europako beste herrialde batzuetan ere, ezarri zituzten kontzentrazio eta sarraski-esparru guztien sarrerako atean ageri zen.

Argazkian ikusten dugun hau, esan bezala, Poloniako Auschwitz- Birkenaukoari dagokiona da. Esparru hauek giza gaiztakeria noraino hel daitekeen erakusten duen frogarik handienetako bat dira, eta testua, zalantzarik gabe, zinismoaren gailurra.

Arestian kontatu dudan bezala, orain dela bost urte, gure kabuz, aipatutako kontzentrazio-esparrua bisitatu genuen, Polonian zehar egin genuen bidaia gogoangarri baten parte zela. Egun Auschwitz-Birkenau, etorkizuneko belaunaldiek hemen gertatutakoa ezagut dezaten eta enpatia sortzeko asmoaz, "Oroimenerako museo" bihurtu dute.

Aldez aurretik azaldu bezala, ibilbidea, seinaleztatu eta mugatutako korridore estuetan zehar egiten da, zonalde desberdinak bisitatzen dira, beti ere, hormetatik zintzilikatutako presoen milaka argazkik guri begiratzen diguten bitartean. Erretratu pila horiek hainbat aretotan daude banatuta. Han bertan, bai urkamendian, bai fusilamentu-paredoian nola errausketa-labeetan ere, milaka eta milaka pertsona erail zituztela ikus dezakegu. Hala ere, nire ikuspegitik behintzat, ikaragarriena beira-arasa handiak izan ziren. Auschwitzeko alde batean presoei ebatsitako milaka eta milaka objetu daude zein bere beira-arasean erakusgai: familiek arrastaka eramandako maletak kristal baten atzean, betaurrekoak beste baten gibelean, presoen hortzak eta hortzetakoak hirugarrenean, ilea... inoiz ikusi dudan basakeri izugarriena.

Bisitatutakoaren muntaz gain, txoko bakoitza betetzen duten bisita gidatuek zein turista olatu ugariek norbanako eraildakoaren ikuspegia galtzea eta biktima bakoitzarekiko enpatia ez lortzea eragiten dute. Aitzitik, hasierako helburua desitxuratu egiten da beraz, eta ez da batere bateragarria biktima bakoitzak eta haien senideek merezi duten begirunearekin.

Baliteke "museoaren" antolamenduak berak harridura sortaraztea bisitariengan, ageri zaizkigun eszena ikaragarriengatik, eta ez ordea, hemen gertatu zenagatik. inpertsonaltasun horren ondorioz, bisitarietako batzuek enpatia falta zuten, eta errespeturik gabeko jokabideak ere ez ziren gutxi izan gu han izan ginen denboran, hala nola urkamendian argazkiak ateratzea urkatuta bazeunde bezalako itxurak eginez edo errausketa-labeen aurrean garaipenaren zeinua eginez.

Hori guztia sentimendu kontrajarriak sortarazi zizkigun. Alde batetik, enpatia eta tristura han gertatu zenagatik. Beste aldetik, aldiz, nazien beste kontzentrazio-esparruetan sentitu ez genuen sentsazio batek hartu gintuen: ibilbidea egiten ari ziren pertsona batzuk beste edozein erakarpen turistiko bisitatzen ari zirela zirudien, eta seguraski halaxe zen.

Arratsaldeko laurak aldera, berriz autobusera igo ginen. Nor bere eserlekuan jezarrita, isiltasuna zen nagusi. Motorra martxan jarri eta berehala hasi ziren eserlekuen arteko auzokideen lehenengo elkarrizketak. Poliki-poliki Auschwitz atzean geratzen ari zen.

Hantxe eta edonon gizakiok eraikitako gainerako sarraski- esparruetan eraildako guztiak guregan izan daitezen! Betiko argia!

2021/05/12

                                                  

                                                                             ORSON


Orson Welles sartu da Columbia Sistems-eko estudioan. Aktoreak haien tokietan daude, hasteko zain. Grabagailuak ondo prestatuak. Dena prest dago. Orson altxatu da eta bozgoragailuaren laguntzaz zera bota du:

- Hasi!

- Columbia B. Sistems-ek saio berria dakarkigun Orson Welles aurkezteko plazera dauka,  beraz, "Mercury Antzerkia" airean... "Munduen Gerra".

Wellesek bere saioaz hitz egin du, asmoez, azaldu du saio komertziala izanen dela, iragarki bat balitz bezalakoa.

 Saioa hasi egin da.

Irratsaioa metereologiari buruzko datu zenbait emanez hasi da, euri pixka bat hemen, haize zakar-zakarra halako lekutan...gero, musika programazioari ekin diote.

- Arratsalde on guztioi, New York-eko Park Plazako Meridiano aretotik, Ramon Raquello eta bere orkestra aurkeztu nahi dugu. "Cumparsita" izeneko abestia interpretatuko dute. Musikaren lehenengo konpasak aditu dira.

Halako batean, era bortitzean, saioa moztu dute.

- Jaun-andreok, musika programa eten behar izan dugu premiazko berri batzuk aurkezteko asmoz -zioen esatariak. Zortziak hogei gutxitan Mount Jennings behatokiko Farrel irakasleak Marten 3 leherketa irregular ikusi ditu. Farrelek uste du leherketa hauek hidrogeno gasarekin egin direla, eta badirudi zerbait Lurrera hurbiltzen ari dela abiadura handiz. Berehala, gure berriemaile Carl Phillipsek, Prince-eko behatokiaren Pierson astronomoa elkarrizketatuko du...

Elkarrizketa hasi da, baina berriro moztu dute sismografo batek lurrikara moduko bat somatu duelako.

Musika saioa jarrri dute berriro, baina handik minutu batzuetara berriz eten egin dute, izan ere, New Jersey-ko baserri batean objetu erraldoi bat erori omen delako. Irratiko zuzendariak Carl Phillips eta Pierson astronomoa hara bidali ditu.

- Jaun-andreok, berriro ere Carl Phillips informatzen. Wilbur baserrian nago eta jada jende asko hurbiltzen ari da objetu honetara. Poliziak, jakina, ez die hurbiltzen uzten, baina...

-Egoera nola den transmititu nahiko nuke, -kazetaria hizketan ari da. - Ehunka automobil daude eskualde honen inguruan. Polizia, esan bezala, saiatzen ari da zonalde osoa akordonatzen, baina ez dute lan makala! Pertsona batzuk objeturaino hurbiltzen ari dira...

Phillips kazetariaren ahotsari izua nabari zaio. Objetutik - jarrraitzen du bere kontaketa - nolabaiteko marmar gisako bat entzuten da. Aditzeko gauza zarete? (Isilik geratu da) Marmar bitxi bat da. Orain hurbilago gaude, 25 oinetara. Pierson irakaslea!

- Bai, Phillips jauna?

- Kontatzen ahal diguzu zer den marmar bitxi hori?

- Burdina hozten ari dela esango nuke...

- Oraindik uste duzu meteoro bat dela?

- Jada ez dakit zer pentsatu. Burdina arraro hau estralurtarra da, dudarik gabe. Meteoro bat atmosferan sartzean alderdi batzuk erretzen edo apurtzen dira, eta objetu hau guztiz leuna da, ikus dezakezunez...

- Momentu bat! - oihu egin du kazetariak. - Zerbait gertatzen ari da, objetuaren goiko aldea irekitzen ari da!

Ahots batzuk entzuten dira han-hemenka, anabasa izugarria da.  -Aldendu! Ospa! Burdina oso bero dagoela! Agian barruan izakiren bat egon daiteke eta atera nahi izango du! Hanka hemendik! Ez utzi ergel hauek hurbiltzen!

Bat-batean burdinezko objetu bat lurrera erortzean sortzen duen soinua, zarata, entzun da.

- Jaun-andreok, - Phillipsek. - Hau bizi dudan momenturik ikaragarriena da! Zaudete une bat...

ZERBAIT ARI DA ATERATZEN ZULOTIK! Zerbait edo...NORBAIT!

Jendea ikarak airean dago.

Zerbait ateratzen ari da! Bat, bi ...ez, tentakuluak dira. Orain gorputza ikus dezaket, hartz baten tamainakoa. Bere aurpegia...bere aurpegia ikaragarria da, begiak beltz-beltzak dira, sugeenak bezalakoak, ahoa V formakoa da eta lerde likits bat dario. Jendeak jada gehiegi ikusi du eta aldentzen hasia da. Momentu batez ni ere aldenduko naiz. Berehalaxe jarraituko dut...

Konexioa eten da. Piano baten lehen konpasak entzun dira. Musika tragikoa zirudien...

- Lekuko bati esker Wilbur baserrian gertatzen ari dena kontatzen ari gatzaizkizue. - aditu da lokutore ahots indargea.

Berriz pianoa aditu da.

- Orain Phillips jaunarekin bat egiten saiatuko gara eta berehala itzuliko gara.

-Jaun-andreok, entzuten ahal didazue? Bai? Jaun -andreok, Wilbur baserriaren horma baten atzean nago. Informatzen  jarraituko dut ahal dudan bitartean. Hemen gauza ikaragarriak ikusten ari dira! Jadanik ez dago inor. Poliziaren kapitaina norbaitekin hitz egiten ari da. Nor da? A bai, Pierson irakaslearekin... Piersonek objetua ikertzen jarraitzen du eta kapitaina eta beste polizia bat objetura hurbildu dira. Zerbait daramate eskuan...zapi bat! Zapi zuri bat da, bandera txuri moduan erabili nahi dute, baina ez dakit nik munstro hauek zer den ote dakiten! Itxoin! Zerbait gertatzen ari da!

Txistu bat entzun da eta berriro marmarra.

- Zerbait atera da zulotik.  Ispilu batean argi baten isla ikus dezaket. Zer da hori? Sugarra atera da ispilutik eta hurbiltzen ari direnen kontra bota dute. Jainko maitea! Pertsonak bizirik erretzen ari dira!

Oihuak eta min-garrasiak entzuten dira.

- Orain zelai guztia erretzen ari da. Leherketa bat. Dena erretzen ari da, sua hurbil dugu, oso gertu dago...

Mikrofonoa lurrera erori eta gero dena isilpean geratu da. Isiltasun pisua.

Estudioan dagoen esatari bat mintzatu zaie. - Jaun-andreok, badirudi ezin dugula Wilbur baserritik gehiago trasmititu. Dudarik gabe, arazo larriak daude. Bitartean...

Programak jarraitzen du. Montgomery Smith, "Trentoneko  miliziaren komandanteak" lege martziala ezarri du. Pierson irakaslea bizirik agertzen da, baita Carl Phillips ere. Objetutik forma berriak ateratzen dira, orain metro askoko altuera duten errobotak. Errobotek zonalde hartan dagoen armada suntsitu dute milaka hildako eraginda. Denbora pasa da. Piersonek kontatzen du batailaren ondoren gorpu artean ibili zela sonanbulu baten moduan, eta haietako hildako asko martzianoak zirela. Ematen du Lur planetako germenak hil egin zituztela.

                                                                    .........

Jendea ero moduan dabil kalez kale, garrasika, pistola hotsak aditzen dira nonahi, batzuek egoera aprobetxatu dute bitxidenda zenbaitetan lapurtzeko, asko eta asko hirietatik basora doaz ihesi eta badira batzuk beren buruaz beste egin dutenak... anabasa ikaragarria!


                                                                   ...........

Azkenik, Orson Wellesek berriro hitz egin du mikrofonora hurbilduz eta azaldu du kontu hau guztia dramatizazio hutsa besterik ez dela izan.

Programa bukatuta, Orson, aktoreak, baita efektu berezikoak ere, isil-isilik geratu dira. Segundo bat, hiru, bost... eta orduan txaloak entzun dira. Baina Orsonek ez ditu txaloak entzun. Orsonek hotzikara sentitu duen bitartean, bere atzean ahots bat entzun du:

- Bikain! Ederki egin duzue! Orain inork ez du inoiz sinetsiko martzianoon inbasioaren kontua.

Orson tentsioan jartzen da. Badaki zer dagoen bere atzealdean, baina ez du begiratu nahi. Suge baten begi betz-beltzak, V tankerako ahoa eta tentakulu batzuk.



Imagen










2021/05/10

ETXEPAREREN TXOKOAren aurkezpena

ETXEPAREREN TXOKOA

Campionkide maiteak:

Goizeko 2B taldekook, gure idazle klasiko handiak imitatu nahian, idazteari ekin diogu oraingo honetan.

Gutako bakoitzak argazki ezberdin bat erreferentziatzat harturik, bururatu zaigun idazlana egin dugu.

Afera, ordea, ez da argazkia deskribatzea izan, baizik eta erretratua aurrean dugula, testu bat sortzea:
asmaturiko istorio fantastikoa, ipuina, gutuna, olerkia, iritzi artikulua... bakoitzak era librean aukeratu duena.

Dakigunez, Bernat Etxepare izan zen XVI. mendean bere lana euskaraz argitaraturik ikusi zuen lehen idazlea. Hori dela-eta, gure kaiera honi, umiltasunez, “Etxepareren txokoa” paratu diogu izena.

Hortaz, astero-astero idazlan bat (eta hura inspiratu duen argazkia) sartuko dugu ikasleon blog honetan.

Zuen gustukoa izatea espero dugu.


OHARRA: Blog honetan, "Etxepareren Txokoa" etiketaren bidez atzitu ahal izanen dituzue gure testu guztiak.


Etxepareren txokoa: Kaktus

Aste honetan ikasleek Etxepareren Txokoan argitaratzeko sortu duten testua duzu honakoa. Etxepareren Txokoko testu eta argazki guztiak ikusi nahi badituzu, klikatu hemen edo "Etxepareren Txokoa" etiketan.


KAKTUS

Lehen aldiz argazkia ikusi nuenean, berau handitu gabe noski, zerbait eramateko erretilu
bat, pastel erretilu bat adibidez, zela iruditu zitzaidan. Gosez omen nengoen eta
gozozalea naiz oso.

Argazkia hemendik hartua


Itxura askoko gauza multzo bat zen, atsegingarriak ikusten ziren, baina konturatu
nintzen gehienak borobilak zirela eta horrek ez du bat egiten pastelen kanonekin, pastel
asko eta asko karratuak baitira. Honez gain, kolore berde gehiegi ikusten zen, um….,
nahiz eta kiwiaren pastel-ahalera handia izan, gehiegizkoa iruditzen zitzaidan. Arreta
handiagoz begiratu behar nuen. Eskuz egindako tapiz bat izan zitekeen…

Edozein modutan, nire aurrean ikusten nuen argazkia oso ederra zen, objektu txiki eta
borobilez osatutako multzoa. Objektu bakoitza bere baitan irudi simetrikoz apainduta
agertzen da, objektu koloretsuak….Urrutitik ikusterakoan, irudiak ukitzeko gogoa
sortzen zitzaidan, hain txikitxoak, hain simetrikoak…

Argazkia handitu nuenean, arraioa! Kaktus saldo bat zela konturatu nintzen. Kaktusak
hain zuzen ere, ezagutzen ditudan landare arriskutsuenak dira! Nola nahastu nauten!
Landare engainagarriak dira, ukitzen badituzu ikusiko duzu zer gertatuko den. Arantzaz
estalita egotea da kaktusen ezaugarri oinarrizkoena. Denak ez dira berdinak, noski,
baina gehienak arantza txiki- txikiak dituzte, eta okerrenak ikusezinak dira.

Ni eta kaktusen arteko harremana oso txarra da, aspaldiko partez. Orain dela urte asko
etxeko terrazako bazter batean kaktus batzuk genituen, senarrari asko gustatzen
zitzaizkion eta. Ederrak ziren benetan. Gure alaba jaio eta urte batzuk geroago ere,
kaktusek kezka irrazionala sorrarazten zidaten eta beti beldurrez begiratzen nituen,
asunak izan balira bezala. Asunak edo beste zerbait okerragoa agian Jakina, alabari ez
nion hara hurbiltzen uzten.

Udako egun batean terrazan ginen hiru urteko alaba eta biok, ni eguzkia hartzan nire
etzaulkian eta bat-batean alabaren oihu izugarria entzun nuen. Harengana korrika joan
nintzen, berak negarrez eta ohiuka jarraitzen zuen, eta… zer gertatu ote zen? Alabak
kaktusen lore polit bat hartu nahian ukitu zuen hosto iledun bat eta bere eskua kaktusen
ilez edo arantzaz beteta zegoen. Ikusezinak gainera. Nere bizitzaren tartetxo
okerrenerariko bat izan zen, ez nekien zer egin, oso gaizki pasatu genuen alaba eta biok.

Handik aurrera ez dut ezer jakin izan nahi kaktusekin, senarrak beste lekura eraman
zituen loreok baina nik urik ez nien bota inoiz, harik azkenean, jakina, lehortu ziren
arte. Ez nuen zerikusirik izan nahi landare horrekin.

Azken denboraldian, urte pila bat pasatu eta gero, senarrak berriro kaktus batzuk jarri
ditu baina ez hosto iledunekoak, beste motakoak baizik, aloe modukoak. Tolerantea izan
behar da!

Noizean behin pentsatzen dut kaktusa zerbaiten edo norbaiten metafora izan daitekeela,
urrutitik ikustean ederra da baina hurbiltzean eta bera ukitzen baduzu, dituen arantzak
deskuidoan, zu konturatu baino lehen, mendekua balitz bezala, sartzen dizkizu.