hitzaldiak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
hitzaldiak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2017/04/04

Xamarren hitzaldia euskaltegian: Etxea

Hau da zortea gurea!
Xamar euskaltegian


Arturo Campion euskaltegian, joan den asteartean martxoaren 21ean, Xamar idazle ospetsuak, Euskal Herriko etxeari buruz hitzaldia eman zuen.


Hitzaldia oso interesgarria izan zen, horregatik entzuleok gustura egon ginen.



Ez genekizkien gauza asko kontatu zizkigun. Adibidez:

  • Zuberoan, etxeak ezberdinak dira, etxebizitza eta lantokia edo ukuilua bananduta daudelakoz.
  • Iparraldeko etxe batzuetan, ate gainean, jabearen izena + “baita” jartzen dute.
  • Eraikitzeko erabili diren material berriak kontuan hartu dira etxeei izena jartzeko.
  • Lur eremu publikoan eraikitako etxeek bertan pasabide publikoa dute, jendea leku batetik bestera pasatzeko.
  • Euskal Herriko etxeko funtzionamendua matriarkatua zen.
  • Etxea herentzian etxeko alaba batek hartzen zuen askotan.
  • Etxe batzuetan, sukaldea eta ukuilua banatzen zuen horma ez zen betea; leiho bat zeukan behiek burua sartzeko eta sukaldetik bertatik jatera emateko.
  • Etxearen egitura, hasieran, zurezkoa zen, eta badirudi Alemaniatik iritsi zela, eraikitzeko modu berri bat izan zen.

Sagrariok egin zuen Xamarren aurkezpena


2014/04/16

Memoria Historikoa Ezkabako gotorlekuan

Aurrekoan Ioar Cabodevilla arkitekto lizentziatu berria izan genuen euskaltegian. Ezkaba mendiko gotorlekuan, Memoria Historikoaren Interpretaziorako Zentroa egitea proposatu du karrera bukaerako prioiektuan, eta horixe azaldu zigun.

Gotorlekua utzia eta lurrazpian dagoenez, Ioarrek gotorlekuaren egoera eta Gerra Zibilaren Oroimenaren artean antzekotasun handia ikusten du. Bere proiektuan, lurpean dagoena lurpetik argitasunera ateratzea planteatzen du. Horretarako, egin duen diseinua eta aukeratu dituen materialak arinak eta argiak dira. Eraikinetan ihesaldiaren eta askatasunaren alegoria islatu nahi izan du, eta horrela, besteak beste, bisitariei iheslarien egoera ikusarazteko moduan antolatu du espazioa.

Proiektu hori gauzatzeko aukera askorik ikusten ez duen arren, pozik dago San Cristobal gotorlekuaren inguruko eztabaida xaxatzeko balio izan duelako.

Hitzaldian erabili zuen aurkezpena ikus dezakezu hemen behean:


Eta Ezkabako gotorlekuari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, egin klik hemen gotorlekuari buruzko gure audiogida entzuteko!

2014/04/08

Nafar aire zaharretan: Kapareren hitzaldia.

Aurreko egunean, Nafarroako euskal kanta zaharrei buruzko emanaldia eskaini zigun Txema Hidalgok Arturo Campion euskaltegian.

Txema Hidalgo "Kapare"
Txema Hidalgo Iruñean Kantuzen parte hartzen hasi zen, eta han ohartu zen kantatzen zituzten abesti gehienak Nafarroatik kanpokoak zirela. Hori dela eta, Nafarroako euskal kantu zaharrak ikertzen hasi zen, eta orain dela gutxi Nafar Aire Zaharretan izeneko liburua argitaratu du.
Liburu horrek, Nafarroako antzinako abestiak biltzen ditu. Liburuan, 1.500 kanturen doinuak, partiturak eta hitzak agertzen dira, eta XV. mendetik 36ko gerrara bitartean kantatutakoak dira.

Azken 4 urteak pasatu ditu abestiak biltzen, eta Aita Donostia, Aita Jorge Riezu eta Azkue izan dira bere iturri nagusiak. Nafarroako Artxiboan ere lan handia egin du.

Liburuan, mota guztietako kantak daude: amodio kantak, elizako kantak, artzain kantak, festa, erronda edo mozkor kantak, eta baita urkabe kantak ere. Kanta guztiak nafarrakoak dira, eta guztiek euskaraz dituzte hitzak. Kantu berri batzuk ere aurkitu daitezke Hidalgoren lanean.

Hitzaldian aipatutakoen artean, bi ideia nagusi nabarmendu nahi genuke: alde batetik, Nafarroan, Euskal Herriko gainerako tokietan baino euskal kantu zahar gehiago gorde dela, industrializazioa berandu sartu zelako hemen, eta, beste batetik, kantuen (eta, oro har, kulturaren) transmisioa batez ere emakumeek egin dutela.

Liburua inolako laguntza ekonomikorik gabe egin du, eta argi dago ikaragarrizko lana egin duela.

Liburua bi liburukitan dago banatua, eta CD bat ere badakar, kantuak dituena. Ale gutxiko argitalpenak egin dituzte (orain bigarrena atera berria dute). Ahal izanez gero, ez galu erosteko aukera!

2014/03/04

Bingen Amadoz eta Mikel Bezunartea Palestinaz solasean euskaltegian


Joan zen egunean, Bingen Amadoz eta Mikel Bezunartea etorri ziren euskaltegira hitzaldi bat ematera Palestinan barna egindako bidaia baten inguruan. Han ibili ziren palestinarrak nola bizi diren eta zein diren dituzten arazorik handienak ikusten. Bere bizipenetan oinarrituta, Bingenek liburu bat idatzi zuen; Palestina. Harria eta olibondoak. Liburua aurkezteko eta palestinarren errealitatea azaltzeko etorri ziren. 

Hitzaldiak bi zati izan zituen; lehenik, Mikelek Palestinako lurraldeen historiari buruzko datuak eta informazioa eman zizkigun, eta gero, bien artean, han bizi izan zituztenak azaldu zizkiguten. 

Labur azalduta, hauxe da Palestinako historiaz azaldu zigutena: 
Bigarren Mundu Gerra baino lehen, britainiarrek Palestinako lurra menperatu zuten, eta juduei hara joateko bidea erraztu zieten. Gerra bukatutakoan, irabazleak juduekin zorretan sentitu zirenez, estatu bat eskaintzea erabaki zuten, eta sionistek palestinarren lurraldea aukeratu zuten. Hango biztanleak kanporatu egin zituzten, eta eremu jakin batzuetara eraman. Estatu berrian juduen populazioa handitzeko, sionistek munduko judu guztiak gonbidatu zituzten hara bizitzera joatera. Deiak arrakasta handia izan zuen, eta juduek, haien eremuak handitzeko asmoz, guda batzuen bidez palestinarren eremu batzuk ebatsi zituzten. 

Palestinarren bizi egoeraren inguruan, honako argazkia egin zuten: 
Palestinarrak hesiz inguratutako eremu batzuetan bizi dira, juduen lurraldean sakabanatuta eta egunero, lan egitera joateko edo haurrak eskolara eramateko, kontrol batzuk pasatu behar izaten dituzte. Istiluren bat sortzen denean, ezin dira beren eremuetatik atera, eta gainera, juduek argia eta ura mozten dizkiete. Palestinarren eremuetan ez dago lur emankorrik, ezta lantegirik ere, baina badira unibertsitateak, bai publikoak, bai pribatuak, horietako batzuk Arabia Saudik ordainduak. Eta osasun sistema ere badute. Bere egoera larria izan arren, palestinarrak oso izaera atseginekoak dira. Etorkizuna oso iluna dute, eta hiru aukera dute bizitzan: kanpora joatea, armak hartzea edo armarik gabeko erresistentzia aktiboa.

Hitzaldia oso interesgarria eta motza iruditu zitzaigun. Palestinako errealitatea ezagutzeko onena hara joatea da, baina ezinezkoa bada, Amadozen liburuaren bidez hara hurbiltzeko aukera paregabea izanen dugu.