liburuak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
liburuak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2015/03/26

liburua | Tangoa noizean behin

Irudia hemendik hartua
Aupa, lagunok!

Klasean liburu hau irakurri dugu, eta gure iritzia eman nahi dizuegu:

Liburu honekin, idazlearen asmoa euskara ikasten hasi den jendeari hizkuntzan murgiltzen laguntzea da.

Helburu hau lortzeko, Miren Agur Meabek hizkera erraza erabiltzen du, ipuin sinple bat kontatzeko.

Liburuak dakarren CDan, istorioa osorik grabatuta dago, zuen belarrien gozamenerako.

Oso interesgarria, atsegina eta erabilgarria dela pentsatzen dugu.


Hemen duzue istorioaren laburpentxo bat:

Malena Argentinako neska bat da. Bere familia euskalduna zen, eta orain dela urte asko Argentinara joan zen lanera. Urte batzuk geroago Malena Euskal-Herrira etorri da euskara ikastera, eta bere sustraiak bilatzera. Horretarako, herri txiki bateko familia batean lan egingo du, haurrak zaintzen eta etxean eta dendan laguntzen.
Bitartean, jende asko ezagutuko du eta bereziki mutil jator bat...

Orain dela gutxi euskara ikasten hasi bazarete, liburu hau irakurtzea gomendatzen dizuegu, gozatu eginen duzue eta!

2014/04/08

Nafar aire zaharretan: Kapareren hitzaldia.

Aurreko egunean, Nafarroako euskal kanta zaharrei buruzko emanaldia eskaini zigun Txema Hidalgok Arturo Campion euskaltegian.

Txema Hidalgo "Kapare"
Txema Hidalgo Iruñean Kantuzen parte hartzen hasi zen, eta han ohartu zen kantatzen zituzten abesti gehienak Nafarroatik kanpokoak zirela. Hori dela eta, Nafarroako euskal kantu zaharrak ikertzen hasi zen, eta orain dela gutxi Nafar Aire Zaharretan izeneko liburua argitaratu du.
Liburu horrek, Nafarroako antzinako abestiak biltzen ditu. Liburuan, 1.500 kanturen doinuak, partiturak eta hitzak agertzen dira, eta XV. mendetik 36ko gerrara bitartean kantatutakoak dira.

Azken 4 urteak pasatu ditu abestiak biltzen, eta Aita Donostia, Aita Jorge Riezu eta Azkue izan dira bere iturri nagusiak. Nafarroako Artxiboan ere lan handia egin du.

Liburuan, mota guztietako kantak daude: amodio kantak, elizako kantak, artzain kantak, festa, erronda edo mozkor kantak, eta baita urkabe kantak ere. Kanta guztiak nafarrakoak dira, eta guztiek euskaraz dituzte hitzak. Kantu berri batzuk ere aurkitu daitezke Hidalgoren lanean.

Hitzaldian aipatutakoen artean, bi ideia nagusi nabarmendu nahi genuke: alde batetik, Nafarroan, Euskal Herriko gainerako tokietan baino euskal kantu zahar gehiago gorde dela, industrializazioa berandu sartu zelako hemen, eta, beste batetik, kantuen (eta, oro har, kulturaren) transmisioa batez ere emakumeek egin dutela.

Liburua inolako laguntza ekonomikorik gabe egin du, eta argi dago ikaragarrizko lana egin duela.

Liburua bi liburukitan dago banatua, eta CD bat ere badakar, kantuak dituena. Ale gutxiko argitalpenak egin dituzte (orain bigarrena atera berria dute). Ahal izanez gero, ez galu erosteko aukera!

2014/03/04

Bingen Amadoz eta Mikel Bezunartea Palestinaz solasean euskaltegian


Joan zen egunean, Bingen Amadoz eta Mikel Bezunartea etorri ziren euskaltegira hitzaldi bat ematera Palestinan barna egindako bidaia baten inguruan. Han ibili ziren palestinarrak nola bizi diren eta zein diren dituzten arazorik handienak ikusten. Bere bizipenetan oinarrituta, Bingenek liburu bat idatzi zuen; Palestina. Harria eta olibondoak. Liburua aurkezteko eta palestinarren errealitatea azaltzeko etorri ziren. 

Hitzaldiak bi zati izan zituen; lehenik, Mikelek Palestinako lurraldeen historiari buruzko datuak eta informazioa eman zizkigun, eta gero, bien artean, han bizi izan zituztenak azaldu zizkiguten. 

Labur azalduta, hauxe da Palestinako historiaz azaldu zigutena: 
Bigarren Mundu Gerra baino lehen, britainiarrek Palestinako lurra menperatu zuten, eta juduei hara joateko bidea erraztu zieten. Gerra bukatutakoan, irabazleak juduekin zorretan sentitu zirenez, estatu bat eskaintzea erabaki zuten, eta sionistek palestinarren lurraldea aukeratu zuten. Hango biztanleak kanporatu egin zituzten, eta eremu jakin batzuetara eraman. Estatu berrian juduen populazioa handitzeko, sionistek munduko judu guztiak gonbidatu zituzten hara bizitzera joatera. Deiak arrakasta handia izan zuen, eta juduek, haien eremuak handitzeko asmoz, guda batzuen bidez palestinarren eremu batzuk ebatsi zituzten. 

Palestinarren bizi egoeraren inguruan, honako argazkia egin zuten: 
Palestinarrak hesiz inguratutako eremu batzuetan bizi dira, juduen lurraldean sakabanatuta eta egunero, lan egitera joateko edo haurrak eskolara eramateko, kontrol batzuk pasatu behar izaten dituzte. Istiluren bat sortzen denean, ezin dira beren eremuetatik atera, eta gainera, juduek argia eta ura mozten dizkiete. Palestinarren eremuetan ez dago lur emankorrik, ezta lantegirik ere, baina badira unibertsitateak, bai publikoak, bai pribatuak, horietako batzuk Arabia Saudik ordainduak. Eta osasun sistema ere badute. Bere egoera larria izan arren, palestinarrak oso izaera atseginekoak dira. Etorkizuna oso iluna dute, eta hiru aukera dute bizitzan: kanpora joatea, armak hartzea edo armarik gabeko erresistentzia aktiboa.

Hitzaldia oso interesgarria eta motza iruditu zitzaigun. Palestinako errealitatea ezagutzeko onena hara joatea da, baina ezinezkoa bada, Amadozen liburuaren bidez hara hurbiltzeko aukera paregabea izanen dugu.

2013/09/26

Zein liburu irakurri?


Askotan izaten ditugu zalantzak liburu bat euskaraz irakurri nahi dugunean; ulertuko al dut? Nire maila kontuan hartuta, gustura irakurriko dut? Zailegia izanen ote da hura edo bestea?

Tira bada, oraingoan, zalantza hauek argitzen laguntzeko tresna batez hitz egin nahi dugu; Haberen Irakurgai Mailakatuak txokoa interneten. Bertan, liburu zerrenda luzea aurkitu daiteke, mailaz maila sailkaturik. Geure mailaren arabera egin ahal izanen dugu liburuen bilaketa.

Liburuzaleak baldin bazarete, oso erraz izanen zaizue txoko honetan zuen mailari egokitutako liburuak aurkitzea.

Bi modutan aurki dezakezue liburuen mailaketa hau:

  • Interneteko Haberen helbide honetan (eguneratu egiten da, eta liburu berriak sailkatu ahala, bertan agertzen dira): egin klik hemen.

  • PDF honetan (hau ez da eguneratzen, baina akaso sailkapena argiago dago egina): egin klik hemen.

Informazio hau Super-Lorena ikasle txit agurgarri liburuzain fin nekaezinari esker lortu dugu, mila esker!

Goza itzazue liburuak euskaraz!