2021/06/15

                                        SHAKESPEAREREN LOREEN ATZETIK

 

 

 

 

 

 

 Ordiziako Udala on Twitter: "Bruselako azak, pentsamendu-loreak,  artaburuak, perretxikoak, piperrak.. eta primerako giroa gaur @OrdiziAzoka  -n #azoka #mercado #market #Ordizia… https://t.co/bgocJWiy25"

 

 

 

 

 

 

 

 


Egia aitortu beharko banu, esan dezadan ez naizela oso lorezalea. Loreak gustatzen zaizkit, bai, batez ere udaberrian sortzen direnak, beren koloreekin natura osoa zipristitzen dutela. 

Udaberrikoek bai harritzen nautela. Horiek koloreak! Nola nahasten diren haien artean izugarrizko konposizioak osatuz! Gero baditugu hiritarrak direnak, hots, espaloietako harlauzen artean, modu harrigarrian, atera eta haztea lortzen dutenak. Horiek bai meritua! Gainera xumeak izaten dira, txikiak, meheak...edozein mementutan, bai abuztuko bero sapak lehortu edota otsaileko hormak izoztuko dituenak.

Dena den nire etxean ez daukat lorontzirik, beno badago bat balkoian, nahiko handia gainera, baina sekula ez du bere balizko betebeharra egin eta hutsik egoten da txoko batean. Herriko etxean ordea, familiaren etxean, badago pila bat baina ni ez naiz haiez arduratzen, begiratu ere ez, askotan.

Orduan argazkia iritsi zitzaidan eta ikusi nuenean nire buruari galdetu nion: "-zer atera dezaket argazki honetatik?" Testu txukun bat egiteko eskatu didate eta nik loreei buruz dakidana hutsaren hurrengoa baino ez da.

Izena bai, hori behintzat banekien: "Pentsamenduak". Izen ederra. Argazkiaren ikuste hutsak gogorarazi zidan negu partean familiakoek lore mota horiek landatzen dituztela gure amaren hilobian.

Gero irudiari arretaz begira geratu nintzen, zerbait esanen balit bezala, eta bai, loreak "-zer ari zara begiratzen?" esaten zidala iruditu zitzaidan. Izan ere, lore horren petaloek aurpegi haserre moduko bat osatzen baitute, sudurra zimurtuko balute bezala. Ondotik jakin-mina piztu egin zitzaidan ea nondik zetorkion izen bitxi hori eta dokumentatu nintzen.

"Pentsamendua" esanahia duen  frantsesezko "penses" hitza da bere izenaren jatorria. Lorea aitzinatik nostalgiarekin eta maitasun oroitzapenekin lotu ohi da eta hori dela-eta, zenbait tokitan, "Nomeolvides" izenez ezaguna da. Zenbaitzuen aburuz, zimeltzen hasten denean, aurreranzko jarrera hartzearekin ere lotzen da, hausnarrean ari den pertsona baten antzera.

Eta zer esanik ez, kristau-bertsioa ere badu, bere hiru petaloek Iruneren Misterioa (Aita, Semea eta Izpiritu Santua) irudikatzen dute eta, hori dela kausa, "Trinitaria" izena ere ematen zaio hor barna.

"Viola tricolor hortensis" basa-lorea bazen eta dotoretasunez erakusten zituen gainean eroritako ihintza eta izotza. XIX. mendean Ipar Europako lorezainek bioleta desberdinekin gurutzatu zuten eta, horren ondorioz, 400 barietate sortu zituzten.

Mitologiari dagokionez, elezahar zenbaitetan bere irakaspen bereziak ematen dizkigutela ageri da. Erdi Aroan bertan  jadanik ezaguna zen elezahar horietako batek dioenez, lo dagoen pertsona baten gainean pentsamendu-lore bat jartzen baduzu, loreak bere gainean jardun eta pertsona horrek, esnatzen den unean berean, ikusten duen lehen pertsonaz maiteminduko dela. Kontuz beraz!

Baina izenburuak iradokitzen duen bezala, literatura arloan ere, lore honi buruzko erreferentziarik maiz ageri da. Horixe da W. Shakespeareren kasua. Idazle honek sarri erabiltzen zituen loreak pertsonaien emozioen sinbolo gisa. "Hamlet" liburuan Ofeliaren ahotan eta"Udako gau bateko ametsa" deritzon lanean, aldiz, Oberan eta maitagarrien erregeak desobedientzia zigortzeko, bere iratxoen laguntzaz, lore honetatik ateratako zuku magikoa prestatzen dute maitagarrien erregina Titaniari edanarazteko eta horrela animalia batekin maitemin zedin.

Ipuinak ipuin, lorearen edertasunaz gain, berau medikuntzan, industrian eta gastronomian ere erabili ohi da.

Loreek beren hizkuntza badute. Gogora ezazu hori loreak oparitzen dituzunean!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina