2021/06/15

                                                                           

 

 

                                                                          

 

 

 

 

 

 

Imatge

 

 

                                                                        ASTOAK

 

 


"Astoak xantza (laguntza) ematen dizu bideetan" halaxe dio Azkuek Zuberoan bildutako esaera zaharrak. Edota hizkuntzalari eta idazle berak jaso zuen beste hau ere: "Astoak ardoa ekarri eta ura edan". Asko dira euskal usadioan animalia xume eta eder honi buruzko esaerak eta atsotitzak. Izan ere,  garai batean astoa etxe gehienetan izaten baitzen.

- Asto, zeri so zaude?  Zer ari zara begiratzen?

Belarriek gorantz altxaturik, bere harridura azaltzen du. 

- Gure etxe barruan dauden gauzak? Akaso etxeko ondasunak nahiko zenituzke?

-Ez duzu gure bizimodua ulertzen eta horregatik, maiz, ergeltzat hartu izan zaituzte. Ba ote dute  arrazoirik? Guk behar guztiak ordaindu behar ditugu: jantziak, jakiak, sakeleko telefonoa, argindarra...eta horregatik noizbehinka banku-kontua begiratu behar izaten dugu ea zein kolorekoa den. Gorria edo beltza. -Zuek, ordea, ez duzue ezer behar, ez besaulki ezta argirik ere. Jantzi ere, ez zarete janzten eta larrugorritan ibiltzen zarete.

-Arestian esan dizudan bezala, guk besteekin telefonoz hitz egiten dugu, zuek arrantzaka egiten duzue eta elkar ulertzen omen duzue. Nor ote dira aurreratuenak?

-Mende askoan bidaia egiteko zuek zineten gure automobila. Garai batean esaten zen moduan, "utilitarioa". Eskukada bat lasto eta belar apur batekin astook kilometroak egiten zenituzten. Nabigatzaile automatikoa duzue...

Ziotenez, baserritar bat tabernan mozkortuta zegoelarik, lagunek asto gainean igo eta honek baserriraino eraman ohi zuen nagusia xuxen-xuxen eta inolako laguntzarik gabe. Hori adimena, hori!

Beharbada, argazkian etxe barrura begira dagoen astoak bart horixe bera egin du, alegia etxeko gizona bere gainean kaleko tabernatik baserrira ekarri, eta orain ea nola dagoen, ea esna ote den so dago. Batek daki!

Bukatzeko garaia ere badut, bestela beste atsotitz hark dioen bezalaxe, hemen izanen naiz zuek aspertzen "astarrak kumea egin arte".




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina