2014/01/31

zalantza | "pasatu dut" ala "pasatu naiz"?


Arazoak sortzen zaizkigu batzuetan pasatu aditza erabili behar dugunean. Pasatu aditzak esanahi eta erabilera asko ditu, eta erraza da horiek nahastea. Eta horrela, esaldi aldrebes samarrak ateratzen zaizkigu batzuetan, adibidez:


  • Asteburua oso ongi pasatu gara landetxean.
  • Zure herritik pasatu dut gaur goizean.

Kontuan hartu behar dugu, lehenengo esaldian, galdera klabeak nork pasatu du? eta zer pasatu du? direla:

  • Nork pasatu du oso ongi?  => Guk.
  • Zer pasatu dugu oso ongi?  => Asteburua. 
Kasu honetan, nor-nork motako laguntzaileak erabili behar ditugu (dut, duzue, nuke, zuten, genuen...). Adibidea ongi egonen litzateke horrela:
  • Asteburua oso ongi pasatu dugu landetxean.


Bigarren esaldian, berriz, galdera klabea nor pasatu? da. Esaldi honetan ez luke zentzurik galdetzeak nork?

  • Nor pasatu da zure herritik?  => Ni.
Beraz, nor motako laguntzaileak erabiliko ditugu horrelako esaldietan (naiz, ginen, gara, litzateke, dira...). Gure adibidea ongi egonen litzateke horrela:
  • Zure herritik pasatu naiz gaur goizean.
Pista moduan, aipatuko dugu toki batetik pasatu garela, edo pasatuko garela, edo pasatu ginela esan nahi dugunean (Mendillorritik pasatu nintzen lehengoan, adibidez), nor motako esaldiak egiten ditugula. Beraz, nondik pasatu? galdera dugunean, naiz, zara, ginen, zinateke... eta abar (nor motako laguntzaileak) erabiliko ditugu. 


Ikus ditzagun Elhuyar hiztegiko adibide batzuk:


Pasatu du
  • Aurten oporrak mendian pasatuko ditugu. => Nork? Guk. / Zer? Oporrak.
  • Oso ondo pasatu dugu jai hauetan. => Nork? Guk. / Zer? Jaietan bizi izan dugun hori.
  • Harekin pasatu nahi nuke bizitza osoa. => Nork? Nik. / Zer? Bizitza osoa.
Pasatu da
  • Lehenik kontsultatik pasatu nintzen. => Nor? Ni.
  • Handik Frantziara pastu zen. => Nor? Bera, Lupe, adibidez.
  • Zure albotik pasatu da. => Nor? Bera, Fermintxo, adibidez.
Bukatzeko, hona hemen egunotan klasean landu ditugun esaldi batzuk, ariketa formatuan. Animatu egitera, ea azalpenak ongi ulertu dituzun, eta hobeki erabiltzen duzun pasatu aditza:

4 iruzkin:

  1. azalpena behar dut
    jarauta kaletik pasatu nintzen /// jarauta kalean pasatu dut
    niretzat ulerkaitz da

    ErantzunEzabatu
    Erantzunak
    1. Jarauta kaletik pasatu naiz. Nor? Ni.
      Jarauta kalea pasatu dut. Nork? Nik. / Zer? Jarauta kalea.

      Horiek dituzu aukerak.

      Ezabatu