2023/06/09

Musikaz Blai 07 | Soinu-bandak II

Ongi etorri musikazaleok Musikaz Blai saiora!!

Hemen gatoz berriro ere Campiongo ikasleok, zuen belarriak musikaz blaitzera!! 

Aurreko saioetan hainbat gai aukeratu ditugu abestiak aurkezteko, eta horietako batean filmetako soinu bandak gaia aukeratu genuen. Hala ere, banda garrantzitsu batzuk aipatu gabe utzi genituela iruditu zaigu, horrexegatik, saio honetan aurreko hura osatzen saiatuko gara.

Historiako film eta soinu bandarik onenetarikoak ekarriko dizkizuegu, aurretik egindako zerrenda hura osatzeko.

    

Hona hemen aukeratutako abestien zerrenda:



    • RAINDROPS KEEP FALLING ON MY HEAD, B.J. Thomas. Bi gizon, patu bakarra filmekoa
    • FOR THE LOVE OF A PRINCESS, James Horner. Braveheart filmekoa
    • RAIDER’S MARCH, John Williams. Indiana Jones, arka galduaren bila filmekoa
    • WANDERING STAR, Lee Marvin. Izenik gabeko hiriaren kondaira filmekoa
    • EZ DUGU NAHI BESTE BERORIK, Alos Quartet. Akelarre filmekoa
    • WATERLOO, ABBA. Mamma mia! filmekoa
    • NOW WE ARE FREE, Hans Zimmer. Gladiator filmekoa
    • INTERNAZIONALA. Gorriak filmekoa
    • THE WINNER IS, Mychael Danna eta Devotchka. Miss Sunshine Txikia filmekoa


                            Prest zaudete? argiak, kamera, akzioa!!



2022/05/25

Jakin izan banu!

Zenbat aldiz ez ote gara damutu zerbait egin izanaz, edo egin ez izanaz?

Eta horrelakoetan, zer nolako esaldiak erabiltzen ditugu? 

Bada, "jakin izan banu!" askotan ateratzen zaigun esaldia izaten da horrelakoetan.

Esaldi hori erabiltzeko moduko zenbait egoera landu ditugu klasean, eta hemen ditugu berriz ere gogora ekartzeko, eta esaldia ongi barneratzeko.

Hiru elkarrizketa dituzu entzungai, eta bakoitzaren ondotik elkarrizketan esaten denaren transkripzioa, hutsune batzuk betetzeko.




 


 



2022/03/01

50 urte hamaika ekimen


Gu Arturo Campiongo arratsaldeko iluntzeko ikasleak gara, gaueko hamarrak arte jo eta ke aritzen garenak, eta testu honen bidez euskaltegiaren 50. urteurrenaren berri eman nahi dizuegu. Hurrengo lerroetan azalduko dizuegu modu labur batean euskaltegiaren historia, eta euskaltegia urteurrena ospatzeko prestatzen ari den izugarrizko ekimenak. 


Historia pixka bat

1971 / 72ko ikasturtean Compañia kaleko pisu batean hasi zen Arturo Campion euskaltegiaren ibilbidea. Nahiz eta urte horiek zailak egin zizkiguten aurreko erregimena jarraitzea nahi zutenek, berehala animatu zen jendea euskara ikastera. Poliki, ilusio hura handitzen joan zen, eta momentu batean ez zen pisu txiki hartan sartzeko modukoa. Zazpi urteren buruan, 1978an hain zuzen ere, mugitu ginen Comedias kalera, orain ere jarraitzen dugun tokira, lehenengo urteetako gogo berarekin.


Hemen dituzue ikusgai 50 urte hauetako hamaika irudi:50 urte, hamaika irudi



Urteurrenaren inguruan

50. urteurrena ospatzeko hamaika ekimen antolatu ditugu, eta horiek aurrera eramateko beharreko sosak lortzea izan da lehenengo pausoa, kroufundinggg bat irekitzea, alegia. Helburua 8.000 euro lortzea zen, eta epea bukatu zenean bete egin genuen. Diru honekin gauza asko egingo dugu, baina hiru dira garrantzitsuenak. 


Alde batetik, 50 urte hamaika istorio

liburua argitaratuko dugu, eta izenak esaten duen bezala, 11 idazlek eta beste hainbeste ilustratzailek kolaboratu dute. Idatzi dituzten testuak eta margotu dituzten marrazkiak euskaltegiarekin eta bere inguruko istorio eta esperientziekin lotuta daude.

Beste batetik, dokumental bat filmatuko dugu, eta bertan, euskaltegian bidea urratu zuten batzuek bere lekukotasuna emango dute, horien artean irakasleak zein ikasleak.

Martxoaren 5ean arratsaldeko 7etan Baluarteko kamara aretoan 50 urte hamaika soinu, musika, dantza eta antzerki ikuskizun paregabea gozatuko dugu.

Hasteko, clown antzezlantxo bat eskainiko digu teatrolarik; jarraian antolatzaileek ekitaldia aurkeztuko dute, ondoren Hutsun txalaparta taldea ariko da, gero Iruñeko Orfeoiaren Gazte Abesbatza eta Ortzadar taldeko dantzariak.

Sarrerak salgai daude baluarteko webgunean eta lehiatilan 15 euroan.

Maiatzaren 21ean Arturo Campionen egun berezia ospatuko dugu, baina egitaraua oraindik itxi gabe dago, aurrerago emando dugu horren berri.


Anima zaitezte ekimenetan parte hartzera, euskaraz aritzeko aukerarik ez duzue faltan izanen eta!


2021/06/15

                                                                           

 

 

                                                                          

 

 

 

 

 

 

Imatge

 

 

                                                                        ASTOAK

 

 


"Astoak xantza (laguntza) ematen dizu bideetan" halaxe dio Azkuek Zuberoan bildutako esaera zaharrak. Edota hizkuntzalari eta idazle berak jaso zuen beste hau ere: "Astoak ardoa ekarri eta ura edan". Asko dira euskal usadioan animalia xume eta eder honi buruzko esaerak eta atsotitzak. Izan ere,  garai batean astoa etxe gehienetan izaten baitzen.

- Asto, zeri so zaude?  Zer ari zara begiratzen?

Belarriek gorantz altxaturik, bere harridura azaltzen du. 

- Gure etxe barruan dauden gauzak? Akaso etxeko ondasunak nahiko zenituzke?

-Ez duzu gure bizimodua ulertzen eta horregatik, maiz, ergeltzat hartu izan zaituzte. Ba ote dute  arrazoirik? Guk behar guztiak ordaindu behar ditugu: jantziak, jakiak, sakeleko telefonoa, argindarra...eta horregatik noizbehinka banku-kontua begiratu behar izaten dugu ea zein kolorekoa den. Gorria edo beltza. -Zuek, ordea, ez duzue ezer behar, ez besaulki ezta argirik ere. Jantzi ere, ez zarete janzten eta larrugorritan ibiltzen zarete.

-Arestian esan dizudan bezala, guk besteekin telefonoz hitz egiten dugu, zuek arrantzaka egiten duzue eta elkar ulertzen omen duzue. Nor ote dira aurreratuenak?

-Mende askoan bidaia egiteko zuek zineten gure automobila. Garai batean esaten zen moduan, "utilitarioa". Eskukada bat lasto eta belar apur batekin astook kilometroak egiten zenituzten. Nabigatzaile automatikoa duzue...

Ziotenez, baserritar bat tabernan mozkortuta zegoelarik, lagunek asto gainean igo eta honek baserriraino eraman ohi zuen nagusia xuxen-xuxen eta inolako laguntzarik gabe. Hori adimena, hori!

Beharbada, argazkian etxe barrura begira dagoen astoak bart horixe bera egin du, alegia etxeko gizona bere gainean kaleko tabernatik baserrira ekarri, eta orain ea nola dagoen, ea esna ote den so dago. Batek daki!

Bukatzeko garaia ere badut, bestela beste atsotitz hark dioen bezalaxe, hemen izanen naiz zuek aspertzen "astarrak kumea egin arte".




                                        SHAKESPEAREREN LOREEN ATZETIK

 

 

 

 

 

 

 Ordiziako Udala on Twitter: "Bruselako azak, pentsamendu-loreak,  artaburuak, perretxikoak, piperrak.. eta primerako giroa gaur @OrdiziAzoka  -n #azoka #mercado #market #Ordizia… https://t.co/bgocJWiy25"

 

 

 

 

 

 

 

 


Egia aitortu beharko banu, esan dezadan ez naizela oso lorezalea. Loreak gustatzen zaizkit, bai, batez ere udaberrian sortzen direnak, beren koloreekin natura osoa zipristitzen dutela. 

Udaberrikoek bai harritzen nautela. Horiek koloreak! Nola nahasten diren haien artean izugarrizko konposizioak osatuz! Gero baditugu hiritarrak direnak, hots, espaloietako harlauzen artean, modu harrigarrian, atera eta haztea lortzen dutenak. Horiek bai meritua! Gainera xumeak izaten dira, txikiak, meheak...edozein mementutan, bai abuztuko bero sapak lehortu edota otsaileko hormak izoztuko dituenak.

Dena den nire etxean ez daukat lorontzirik, beno badago bat balkoian, nahiko handia gainera, baina sekula ez du bere balizko betebeharra egin eta hutsik egoten da txoko batean. Herriko etxean ordea, familiaren etxean, badago pila bat baina ni ez naiz haiez arduratzen, begiratu ere ez, askotan.

Orduan argazkia iritsi zitzaidan eta ikusi nuenean nire buruari galdetu nion: "-zer atera dezaket argazki honetatik?" Testu txukun bat egiteko eskatu didate eta nik loreei buruz dakidana hutsaren hurrengoa baino ez da.

Izena bai, hori behintzat banekien: "Pentsamenduak". Izen ederra. Argazkiaren ikuste hutsak gogorarazi zidan negu partean familiakoek lore mota horiek landatzen dituztela gure amaren hilobian.

Gero irudiari arretaz begira geratu nintzen, zerbait esanen balit bezala, eta bai, loreak "-zer ari zara begiratzen?" esaten zidala iruditu zitzaidan. Izan ere, lore horren petaloek aurpegi haserre moduko bat osatzen baitute, sudurra zimurtuko balute bezala. Ondotik jakin-mina piztu egin zitzaidan ea nondik zetorkion izen bitxi hori eta dokumentatu nintzen.

"Pentsamendua" esanahia duen  frantsesezko "penses" hitza da bere izenaren jatorria. Lorea aitzinatik nostalgiarekin eta maitasun oroitzapenekin lotu ohi da eta hori dela-eta, zenbait tokitan, "Nomeolvides" izenez ezaguna da. Zenbaitzuen aburuz, zimeltzen hasten denean, aurreranzko jarrera hartzearekin ere lotzen da, hausnarrean ari den pertsona baten antzera.

Eta zer esanik ez, kristau-bertsioa ere badu, bere hiru petaloek Iruneren Misterioa (Aita, Semea eta Izpiritu Santua) irudikatzen dute eta, hori dela kausa, "Trinitaria" izena ere ematen zaio hor barna.

"Viola tricolor hortensis" basa-lorea bazen eta dotoretasunez erakusten zituen gainean eroritako ihintza eta izotza. XIX. mendean Ipar Europako lorezainek bioleta desberdinekin gurutzatu zuten eta, horren ondorioz, 400 barietate sortu zituzten.

Mitologiari dagokionez, elezahar zenbaitetan bere irakaspen bereziak ematen dizkigutela ageri da. Erdi Aroan bertan  jadanik ezaguna zen elezahar horietako batek dioenez, lo dagoen pertsona baten gainean pentsamendu-lore bat jartzen baduzu, loreak bere gainean jardun eta pertsona horrek, esnatzen den unean berean, ikusten duen lehen pertsonaz maiteminduko dela. Kontuz beraz!

Baina izenburuak iradokitzen duen bezala, literatura arloan ere, lore honi buruzko erreferentziarik maiz ageri da. Horixe da W. Shakespeareren kasua. Idazle honek sarri erabiltzen zituen loreak pertsonaien emozioen sinbolo gisa. "Hamlet" liburuan Ofeliaren ahotan eta"Udako gau bateko ametsa" deritzon lanean, aldiz, Oberan eta maitagarrien erregeak desobedientzia zigortzeko, bere iratxoen laguntzaz, lore honetatik ateratako zuku magikoa prestatzen dute maitagarrien erregina Titaniari edanarazteko eta horrela animalia batekin maitemin zedin.

Ipuinak ipuin, lorearen edertasunaz gain, berau medikuntzan, industrian eta gastronomian ere erabili ohi da.

Loreek beren hizkuntza badute. Gogora ezazu hori loreak oparitzen dituzunean!