2021/05/04

 

BISITA GIDATUA MARTXOAREN 8an

EMAKUMEAREN HISTORIA IRUÑEAN, ERROMATARREN AROTIK ERDI ARORA.

Ibilaldia katedralean hasi zen, han elkartu ginen gure gidarekin, Nerearekin.

Erromatarren garaian, Katedrala dagoen tokian, Foroa zegoen.


Foroan, gizonek politikaz, erlijioaz... hitz egin eta erabakitzen zuten. Emakumeak ezin ziren Forora joan eta gainera beren iritziek ez zuten ezer balio. Hiru emakume eredu zeuden: etxekoandreak, normalean haurrekin etxean gelditzen ziren, prostitutak, gizonen menpe bizi ziren  eta” bestalak”, tenpluetan sua beti piztuta mantendu behar zutenak. Erromatarrek  sua itzaltzen bazen inperioa eroriko zela sinesten baitzuten.

Katedraletik Dormitaleriara abiatu ginen, Jabier kalearekin izkinan erromatarren garaian burdel bat zegoen.


Oso leku estrategikoa zen, Forora bidea hain zuzen ere. Burdelera iristeko bidea zakilaz margotuta zegoen gizonak ez galtzeko eta burdelaren atean zakil handi bat zegoen.

Prostitutak balkoian egoten ziren beren gorputzak eskaintzen. Hauen gelen kanpoko-aldean , norberaren trebetasunaren marrazkia zegoen. Putetxe hau garestia eta legala zen. Prostituzioak diru asko ematen zion gobernuari. Hala ere hiriko bazterretan, Tejeria kalean adibidez, beste putetxe ilegal batzuk eta merkeagoak zeuden.

Gaztelu enparantzatik jarraitu genuen ibilbidea egiten,


Orain  lur azpiko aparkalekuan dagoen tokian, Europako terma handienetarikoak omen zeuden. Hauetan gizonak eta emakumeak elkarrekin ezin zitezkeen egon, txandak egiten zituzten. Baina termen azpian, ilunean, gizonek eramandako emagalduak izaten ziren  nahiz eta debekatuta egon.

Orain San Saturnino eliza dagoen tokian, Dianaren tenplua  omen zegoen, Diana ehiztarien eta naturaren jainkosa zen, bere irudia  ondoan orein bat duela margotuta, botika dagoen etxearen aurrealdean ikus dezakegu.


 

 Piparrika plazan erromatar garaia utzi genuen eta Erdi Aroko emakumearen historia kontatzen hasi zitzaigun.


Garai honetan, jainko pilo bat izatetik bakarra izatera pasatu zen. Dena den emakumeek, lehengo lepotik burua izaten jarraitu zuten. Hiru emakume eredu zituzten: Ama Birgina, Maria Magdalena eta Eba. Kaleko emakumeak Maria Magdalenaren eredukoak ziren. Denok dakigu Adan eta Ebaren historia eta honekin erakutsi nahi zigutena …

Jarraian Nafarroako museoaren aurrera joan ginen, hemen Erdi Aroko putetxe auzoa zegoen.


Han lan egiten zuten neskak, hamaika urte zituztela hasten ziren, adin honetakoak baitziren gizonezkoen gustukoenak eta gainera osasuntsuak. Hogeita bat urte bete arte mantentzen zituzten baina ondoren kaleratzen zituzten eta gehienak denbora gutxira hiltzen ziren.

Aste Santuan eliz gizon garrantzitsuak etortzen zirenez, auzoa utzi behar zuten emakume hauek eta komentutan lekua uzten zieten, batzuk desagertzen ziren, ez ziren inoiz itzultzen.

Baratxuri plazan bukatu genuen ibilbidea, hemen dagoen komentuan, Erdi Aroan ” begina” talde bat bizi zen.


Gizonen menpe bizi nahi ez zuten emakumeek sortu zuten komunitate bat zen hau, eta bertan, ezin ziren gizonak sartu. Begina gehienak, familia aberatsetako alabak ziren, artistak, abeslariak, idazleak … . Kale gorrian bizi ziren emakume askori lagundu zieten, beraiekin bizi, lan egin, eta zerbait egiten irakasten zieten. Gaur egun badaude beginen auzoak Europan, adibidez Brujasen. Iruñekoak, gehienak erre zituzten sorginak zirela leporatuta.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina