2021/05/19

"LANAK ASKE EGINGO ZAITUZTE"

 

Cracoviatik Tichyra doan errepidea mendixka artean igarotzen da. Trafiko handia jasan behar izaten du, batez ere kamioiak, inguruko industrialdeak helmuga dutela. Europa osoko ibai ospetsuenetako bat, Vistula hain zuzen ere, ondo-ondoan, paraleloki, daramagu. Autobusez goaz, autopullman turistiko horietako batean. Hotelean goiz gosaria hartu eta segidan igo gara bidaiari ekiteko. Helmuga ez dago urruti, kilometro bakar batzuk, zehazki ez dakit zenbat. Ordubete inguruko bidaia. Gaur zortea izan dut eta leihoaren ondoan lortu dut esertzea, paisaiari so. Lekua atsegina da, berde-berdea eta bidean barrena ikusten diren herriak benetan ederrak dira. Inork ez luke esango, leku eder honetan, duela laurogei bat urte, historiak bizi izan duen gertaerarik ankerrena jazo zela.

Kaskoak jantzi ditut eta Frank Sinatrak, New York-eko Madison Square Gardenen abesturiko "My way" kanta ospetsua aditzen ari naiz. Bat-batean gure gidak oso distantzia gutxi falta dugula esan digu eta poltsak eta berokiak hartzen hasteko.

Azkenik iritsi gara. Urteetan amestutako bidaiaren helmugara iritsi gara. Auschwitz. Autobusetik jaitsi eta turista andana ikusten da inguruetan. Hotza egiten du, haize hotza dabil eta bortizki jotzen du.

Atarian burnizko hesi beldurgarria, eta hesiaren gaineko aldean, ongi etorri makrabroa eman nahi izango baligu bezala: "Arbeit macht frei". Denok badakigu alemanieraz idatzitako esaldi honek euskaraz "lanak aske egingo zaituzte" esan nahi duela. Naziek Alemanian ezezik, Europako beste herrialde batzuetan ere, ezarri zituzten kontzentrazio eta sarraski-esparru guztien sarrerako atean ageri zen.

Argazkian ikusten dugun hau, esan bezala, Poloniako Auschwitz- Birkenaukoari dagokiona da. Esparru hauek giza gaiztakeria noraino hel daitekeen erakusten duen frogarik handienetako bat dira, eta testua, zalantzarik gabe, zinismoaren gailurra.

Arestian kontatu dudan bezala, orain dela bost urte, gure kabuz, aipatutako kontzentrazio-esparrua bisitatu genuen, Polonian zehar egin genuen bidaia gogoangarri baten parte zela. Egun Auschwitz-Birkenau, etorkizuneko belaunaldiek hemen gertatutakoa ezagut dezaten eta enpatia sortzeko asmoaz, "Oroimenerako museo" bihurtu dute.

Aldez aurretik azaldu bezala, ibilbidea, seinaleztatu eta mugatutako korridore estuetan zehar egiten da, zonalde desberdinak bisitatzen dira, beti ere, hormetatik zintzilikatutako presoen milaka argazkik guri begiratzen diguten bitartean. Erretratu pila horiek hainbat aretotan daude banatuta. Han bertan, bai urkamendian, bai fusilamentu-paredoian nola errausketa-labeetan ere, milaka eta milaka pertsona erail zituztela ikus dezakegu. Hala ere, nire ikuspegitik behintzat, ikaragarriena beira-arasa handiak izan ziren. Auschwitzeko alde batean presoei ebatsitako milaka eta milaka objetu daude zein bere beira-arasean erakusgai: familiek arrastaka eramandako maletak kristal baten atzean, betaurrekoak beste baten gibelean, presoen hortzak eta hortzetakoak hirugarrenean, ilea... inoiz ikusi dudan basakeri izugarriena.

Bisitatutakoaren muntaz gain, txoko bakoitza betetzen duten bisita gidatuek zein turista olatu ugariek norbanako eraildakoaren ikuspegia galtzea eta biktima bakoitzarekiko enpatia ez lortzea eragiten dute. Aitzitik, hasierako helburua desitxuratu egiten da beraz, eta ez da batere bateragarria biktima bakoitzak eta haien senideek merezi duten begirunearekin.

Baliteke "museoaren" antolamenduak berak harridura sortaraztea bisitariengan, ageri zaizkigun eszena ikaragarriengatik, eta ez ordea, hemen gertatu zenagatik. inpertsonaltasun horren ondorioz, bisitarietako batzuek enpatia falta zuten, eta errespeturik gabeko jokabideak ere ez ziren gutxi izan gu han izan ginen denboran, hala nola urkamendian argazkiak ateratzea urkatuta bazeunde bezalako itxurak eginez edo errausketa-labeen aurrean garaipenaren zeinua eginez.

Hori guztia sentimendu kontrajarriak sortarazi zizkigun. Alde batetik, enpatia eta tristura han gertatu zenagatik. Beste aldetik, aldiz, nazien beste kontzentrazio-esparruetan sentitu ez genuen sentsazio batek hartu gintuen: ibilbidea egiten ari ziren pertsona batzuk beste edozein erakarpen turistiko bisitatzen ari zirela zirudien, eta seguraski halaxe zen.

Arratsaldeko laurak aldera, berriz autobusera igo ginen. Nor bere eserlekuan jezarrita, isiltasuna zen nagusi. Motorra martxan jarri eta berehala hasi ziren eserlekuen arteko auzokideen lehenengo elkarrizketak. Poliki-poliki Auschwitz atzean geratzen ari zen.

Hantxe eta edonon gizakiok eraikitako gainerako sarraski- esparruetan eraildako guztiak guregan izan daitezen! Betiko argia!

1 iruzkin:

  1. Shelfiak urkamendian??? Ba ote?!?
    Testu bikaina, oso ongi adierazi duzue horrelako toki batek uzten duen sentsazioa

    ErantzunEzabatu