2019/11/04

B plana

2019ko abuztuaren 8a, osteguna

Wasap bat mugikorrean, Xabi da.

Aupa Gorka! Eguraldia begiratzen ari naiz, eta uste dut gure asteburu “idilikoa” konplikatzen ari dela. Ostiral arratsalde-gauean ekaitzak, larunbatean hodeiak eta agian euri pixka bat, eta igandean euria eta ekaitzak goizetik... agian plana aldatu beharko genuke...

Piriniotako gure mendiko plana, bi egun eta bi gau bibac egiten Arremoulit aterpe inguruan, beste asteburu baterako utzi behar izan genuen.
Hasiera batean, horixe zen plana; egun batean Palas mendira igo, Von Martin pitonetik gora, eta bestean aterpe inguruan eskalatzen ibili. Baina eguraldi txarra iragarria zegoen... Gure burutik beste plan bat egiteko ideiak hasi ziren pasatzen; mendiak, bideak, eguraldia...  azkenean Xabik interneten ikusitako Acheritoko hegoaldeko diedroan barna igotzeko bidea aukeratu genuen. Bide hori Luis Royok eta Julio Benedek (Sendero Limitekoak) ireki zuten 2009an, 400 metro ditu, erdi ekipatuta dago paraboltekin, eta pausorik zailena V+ gradukoa du. Acheritoko tontorrean bertan amaitzen da, 2.378 metrotan. Zer gehiago eskatu dezakegu?

Ostiral arratsaldean Iruñetik abiatu ginen, Siresan furgonetan afaldu, eta bertan lo egin genuen. Afaldu bitartean, Xabi hankan mina sentitzen hasi zen, kanpoan euria hasi zuen... Zalantzak ortzi-mugan; zer egingo dugu? Beste B plan bat? Beno, oheratuko gara eta bihar ikusiko dugu.

Larunbatean oskarbi argitu zuen eguna. Xabik minez jarraitzen zuen, baina pilula bat hartu zuen, eta mina pasatu zitzaionez, goizean goiz Ozako oihanean barna ibiltzen hasi ginen. 2 orduko hurbilketa egin genuen, bide ezin ederragoan barna.



Jendeak 4 ordu inguruan egiten du eskalada, guk 6 behar izan genituen, lasai ibili ginen-eta, friendekin jolasten, parabolt batzuk saltatzen... 14 luze dira. Guk bi soka fin eraman genituen, bat 40 metrokoa eta bestea 50ekoa, baina 40koarekin luze batzuetan oso justu ibili ginen.

Bidea oso polita eta gozagarria da, eskalada mugimendu ezberdin asko egin behar dira; babaresak, organo hodiak, plakak, sabai txiki bat… parte batean, kobazulo batean eta guzti sartu behar da.









Tontorrean zerbait jan genuen eta autora buelta Huerto de Acheritoko lepoan barna. Iruñera itzuli aurretik, plater konbinatu bat hartu genuen kanpin batean (ez dugu izenik emanen). Sukaldaria zoriontzekotan egon ginen, ezinezkoa zelako, nahita ere, lau arrautza eta xingarra pixka bat hain gaizki prestatzea. Dena den, goseak amorratzen geundenez, den-dena irentsi genuen kolpean. Igande euritsua etxean pasatu genuen lasai, bezperako oroitzapenak gogoan.

Ez dugu ezer gehiago behar alai egoteko.

Nola gustatzen zaizkigun B planak, GORA B PLANAK!!!

Hemen eguneko bideotxoa:

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina