2015/03/03

zientzia | Gure mundua Unibertsoan

Irudia hemendik hartua.
Eguzkia da gure eguzki-sistemaren izarra, eta Esne Bidea edo Santiago Bidea izeneko galaxian dago. Esne Bidea galaxiak, gure galaxiak, 200.000 edo 300.000 milioi izar ditu; gehienak Eguzkia baino handiagoak dira.

Esne Bideak kiribil itxura du, eta Eguzkiak zentroaren inguruan bira osoa emateko 240 milioi urte behar ditu. Espazio ontzi batek Lurretik abiatuta, galaxiatik kanpo ateratzeko 700 urte eman beharko lituzke argiaren abiaduran (300.000 Km/s).

Gure galaxiak eta beste milaka batzuek Laniakea superkumuloa osatzen dute. Horixe da espazioko gure auzoa, 100.000 galaxiarekin eta ehun mila bilioi izarrekin partekatzen duguna.

Zenbat superkumulo dago espazioan? Astronomoek 6 milio inguru begipean dituzte egungo teknologiari esker.

Astronomoek Unibertsoko tarteak neurtzeko, neurri berezi bat erabiltzen dute: argi-urtea, hau da, argiak urte batean egiten duen distantzia (9,460,800,000,000 km).

Oso urruti dagoen izar batetik argia ateratzen denean, urte asko behar izaten ditu Lurrera iristeko. Horregatik guk ikusten ditugun izar askoren argia duela milioka urte atera zen sorburutik, ez da oraingoa.

Adibidez, Proxima Centauri, guregandik hurbilen dagoen izarra, 4,2 argi-urtera dago, beste modu batean esateko, bere argiak 4,2 urte ematen ditu lurrera iristeko. Guk orain ikusten duguna ez da gaurko irudia, baizik eta duela 4,2 urte izarrak zuena.

Zeruan Unibertsoaren igarotzea ikus dezakegu, ikusten ditugun izarrak zenbat eta urrutiago egon, orduan eta zaharragoak izanen dira beren irudiak.

Astronomoek teleskopioz eta behatoki berezietatik zerua miatzen dute; bertako zeru-gorputz guztien multzoak eta berauek inguratzen dituzten espazioak ikertzen dituzte Unibertsoaren iraganaren bila. Espazioak bere historia osoa erakusten digu, sortu zenetik, leherketa izugarri baten ondorioz (Big Bang izenekoa), oraino.

Orain dela gutxi, astronomo talde batek VLA irrati-teleskopioz gamma-izpi iturri handi bat detektatu zuen; urrutiko izar baten leherketatik zetorren. Geroxeago, NASAren Swift sateliteak ere detektatu zuen leherketa hori. Horixe da astronomoek aurkitu duten izar zaharrenaren arrastoa, Big Bangetik hurbilen dagoena, alegia, 630 milioi urte geroago gertatu baitzen. Oraindik 9.000 milioi urte falta ziren gure Eguzki sistema jaiotzeko!

Behaketa honi esker astronomoek Unibertsoaren lehenengo momentuak azter ditzakete, lehenengo galaxiak sortu ziren garaia, Big Bangetik milio urte gutxi geroago.

Testuaren egilea: Josu Abajo, fisikaria.
Sarrera honek Kultura Zientifikoa 3. Jaialdian parte hartzen du.




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina