2014/03/31

esaera | Zozoak beleari ipurbeltz!

Norbaitek berak egiten duen hutsen bat beste bati leporatzen dionean erabiltzen dugu esaera hau. Zozoa eta belea, biak dira txori beltzak, eta beraz, harritzekoa litzateke zozoak beleari ipurdia beltza duela esatea!
Hala ere, zenbatetan ez ote dugu geure burua horrelako egoeretan ikusten?
Klasean horrelako batzuk komentatu ditugu, eta esaera hau erabiltzen trebatzeko elkarrizketatxo batzuk prestatu ditugu. Beherago dituzue entzungai.
Besteren bat bururatzen bazaizue, anima zaitezte iruzkinetan azaltzera!



Zozoak beleari ipurbeltz! 01


Zozoak beleari ipurbeltz! 02


Hemen dituzue grabazioen transkripzioak:

Zozoak beleari ipurbeltz! 01 
Etxean hiru lagun bizi gara, eta gauza bat dela edo bestea dela, egunero eztabaida izaten dugu bazkalorduan:
—On dagizula, Koldo, zer hartu duzu gosaltzeko?
—Ba betikoa, kafea, tostadak… zer ba?
—Eta gurina ere bai, ezta?
—Bai, noski.
—Eta non utzi duzu gurina? E? Mahai gainean?
—Bai, joe, barkatu, e? ahaztu egin zait… Baina atzo, eta herenegun, eta aurrekoan nik gorde behar izan nuen, e? Ez zara oroitzen, maitea? Ains… Zozoak beleari ipurbeltz!

Zozoak beleari ipurbeltz! 02 
Markos eta Marijose lagunak dira, eta elkarrekin bizi dira. Etxean komun bakarra dutenez, goizero sortzen da arazoren bat, biek ordu berean erabili behar izaten dute eta:
—Tok, tok! Markos, mesedez, atera zaitez behingoz!
—Bai, egon lasaaaiii. Oraintxe aterako naiz eta!
—Badakizu presaka nabilela!
—Jooeee! Behin lehenengoa sartuko, eta… ala, tiiira, pasa, pasa…
—Ze motela zaren!
—Motela ni? Aizu, beti nik egon behar izaten dut zure zain, e! Zozoak beleari ipurbeltz!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina