ZER OTE?
Baina zer gertatu ote zen? Alegia, zer gertatu ote zitzaigun duela urtebete baino gehixeago? Bat-batean dena aldatu zen inork ezer jakin gabe, egun batetik bestera gure bizimoduak kriston anabasa bihurtu ziren, esate baterako supermerkatuetan gertatu zena, zergatik gauetik goizera, bete-beteta zeuden apalategiak hutsik ageri ziren? Ez zegoen lekalerik, ez zegoen lixibarik, ez zegoen janaririk, ez zegoen ezer eta garrantzitsuenetarikoa zen gauza bat, ez zegoen komuneko paperik! 3. Mundu Gerra bazetorrela zirudien!
Ez dakit zer gertatu zen, guk haiek jakitea nahi zutena besterik ez genekien, baina komuneko paperarenak oso sentsazio arraroa eragin zidan, eta agindu nion nire buruari zer arraio gertatu zen eta zergatik aurkitu arte ez nukeela amore emango, ez horixe!
Eta hori esanda, une batean nire ikerketa-taldea antolatzea erabaki nuen, zer gertatzen ari zen jakitekotan, baina gure lehen galdera zera izan zen: “nondik hasi?” Segituan erabaki genuen gaia ongi ezagutzen zuen pertsonarekin hastea zela onena. Beraz, Osasun Sailburu Santos Indurain andrearekin harremanetan jarri ginen, ez dakit ezagutzen duzuen, ile gorria daramana eta beti berri txarrak ematen dizkiguna. Horixe bera da!
Hasieran, hark ez zuen gurekin hitz egin nahi izan, eta esan zigun berak ez zekiela ezer gai horri buruz, baina behin eta berriz erregutu ondoren, nahi genuen informazioa eta harremanetarako pertsona baten izena eman zizkigun. Berehala prestatu genuen pasaportea, agintarien beharrezkoa zen baimena (itxiera perimetrala zela-eta) lortu eta Ekialdeko Europan ezkutatutako herrixka batera joan ginen Irena Buzarewicz-ekin hitz egitera.
Iritsi ginenean, haren aurrean agertu eta gure bisitaren arrazoia eta esku artean genuen ikerketa azaldu genizkion, baina hark ere uko egin zion laguntza emateari eta poliziari deitzearekin mehatxatu egin gintuen. Behin eta berriz gaiaren larritasuna azaldu ondotik, behingoan berak zekien guztia eta zituen dokumentu eta argazkiak guri ematea eta zehatz-mehatz azaltzea erabaki zuen. Orduan, argazki batzuk ikusi ondoren, supermerkatuetako apaletako komuneko papera zergatik desagertzen ari zen ulertu genuen.
Dirudienez, zahar-egoitzen arteko nazionarteko gymkana moduko bat (sekretua, jakina) antolatua zen, eta gymkana horren froga garrantzitsuenetariko bat omen zen komuneko papera erabiltzea modu berezi bezain xelebre batez zeruan artizarra aurkitzeko, eta horrek eragin handia izan behar zuen gure supermerkatuetan komuneko paperik ez izate horretan, baina Irenak ziurtatu zigun lehiaketa amaitzen ari zela eta laster normaltasunera itzuliko ginatekeela.
Komuneko paperik ezaren arrazoi nagusia zein zen jakin ostean, Iruñera itzultzea deliberatu genuen, agintariak ezezik, herritarrak ere lasaitzeko eta behin gymkana amaituta, etorkizunean hornikuntza-arazorik ez zela izanen jakinaraztera.
Iratzargailuak jo du, goizeko 7ak dira, gaur ere ohetik jaiki naiz, egunero bezala, euskaltegira joateko, eta pentsatu dut: “ A zenolako amesgaiztoa izan dudan!” Hala ere, kalera atera naizelarik, ohartu naiz etxean musukoa ahaztu zaidala, eta orduan ohartu naiz benetan ez dela amesgaiztoa izan, baizik eta errealitate gordinaren ondorioa.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina