ORSON
Orson Welles sartu da Columbia Sistems-eko estudioan. Aktoreak haien tokietan daude, hasteko zain. Grabagailuak ondo prestatuak. Dena prest dago. Orson altxatu da eta bozgoragailuaren laguntzaz zera bota du:
- Hasi!
- Columbia B. Sistems-ek saio berria dakarkigun Orson Welles aurkezteko plazera dauka, beraz, "Mercury Antzerkia" airean... "Munduen Gerra".
Wellesek bere saioaz hitz egin du, asmoez, azaldu du saio komertziala izanen dela, iragarki bat balitz bezalakoa.
Saioa hasi egin da.
Irratsaioa metereologiari buruzko datu zenbait emanez hasi da, euri pixka bat hemen, haize zakar-zakarra halako lekutan...gero, musika programazioari ekin diote.
- Arratsalde on guztioi, New York-eko Park Plazako Meridiano aretotik, Ramon Raquello eta bere orkestra aurkeztu nahi dugu. "Cumparsita" izeneko abestia interpretatuko dute. Musikaren lehenengo konpasak aditu dira.
Halako batean, era bortitzean, saioa moztu dute.
- Jaun-andreok, musika programa eten behar izan dugu premiazko berri batzuk aurkezteko asmoz -zioen esatariak. Zortziak hogei gutxitan Mount Jennings behatokiko Farrel irakasleak Marten 3 leherketa irregular ikusi ditu. Farrelek uste du leherketa hauek hidrogeno gasarekin egin direla, eta badirudi zerbait Lurrera hurbiltzen ari dela abiadura handiz. Berehala, gure berriemaile Carl Phillipsek, Prince-eko behatokiaren Pierson astronomoa elkarrizketatuko du...
Elkarrizketa hasi da, baina berriro moztu dute sismografo batek lurrikara moduko bat somatu duelako.
Musika saioa jarrri dute berriro, baina handik minutu batzuetara berriz eten egin dute, izan ere, New Jersey-ko baserri batean objetu erraldoi bat erori omen delako. Irratiko zuzendariak Carl Phillips eta Pierson astronomoa hara bidali ditu.
- Jaun-andreok, berriro ere Carl Phillips informatzen. Wilbur baserrian nago eta jada jende asko hurbiltzen ari da objetu honetara. Poliziak, jakina, ez die hurbiltzen uzten, baina...
-Egoera nola den transmititu nahiko nuke, -kazetaria hizketan ari da. - Ehunka automobil daude eskualde honen inguruan. Polizia, esan bezala, saiatzen ari da zonalde osoa akordonatzen, baina ez dute lan makala! Pertsona batzuk objeturaino hurbiltzen ari dira...
Phillips kazetariaren ahotsari izua nabari zaio. Objetutik - jarrraitzen du bere kontaketa - nolabaiteko marmar gisako bat entzuten da. Aditzeko gauza zarete? (Isilik geratu da) Marmar bitxi bat da. Orain hurbilago gaude, 25 oinetara. Pierson irakaslea!
- Bai, Phillips jauna?
- Kontatzen ahal diguzu zer den marmar bitxi hori?
- Burdina hozten ari dela esango nuke...
- Oraindik uste duzu meteoro bat dela?
- Jada ez dakit zer pentsatu. Burdina arraro hau estralurtarra da, dudarik gabe. Meteoro bat atmosferan sartzean alderdi batzuk erretzen edo apurtzen dira, eta objetu hau guztiz leuna da, ikus dezakezunez...
- Momentu bat! - oihu egin du kazetariak. - Zerbait gertatzen ari da, objetuaren goiko aldea irekitzen ari da!
Ahots batzuk entzuten dira han-hemenka, anabasa izugarria da. -Aldendu! Ospa! Burdina oso bero dagoela! Agian barruan izakiren bat egon daiteke eta atera nahi izango du! Hanka hemendik! Ez utzi ergel hauek hurbiltzen!
Bat-batean burdinezko objetu bat lurrera erortzean sortzen duen soinua, zarata, entzun da.
- Jaun-andreok, - Phillipsek. - Hau bizi dudan momenturik ikaragarriena da! Zaudete une bat...
ZERBAIT ARI DA ATERATZEN ZULOTIK! Zerbait edo...NORBAIT!
Jendea ikarak airean dago.
Zerbait ateratzen ari da! Bat, bi ...ez, tentakuluak dira. Orain gorputza ikus dezaket, hartz baten tamainakoa. Bere aurpegia...bere aurpegia ikaragarria da, begiak beltz-beltzak dira, sugeenak bezalakoak, ahoa V formakoa da eta lerde likits bat dario. Jendeak jada gehiegi ikusi du eta aldentzen hasia da. Momentu batez ni ere aldenduko naiz. Berehalaxe jarraituko dut...
Konexioa eten da. Piano baten lehen konpasak entzun dira. Musika tragikoa zirudien...
- Lekuko bati esker Wilbur baserrian gertatzen ari dena kontatzen ari gatzaizkizue. - aditu da lokutore ahots indargea.
Berriz pianoa aditu da.
- Orain Phillips jaunarekin bat egiten saiatuko gara eta berehala itzuliko gara.
-Jaun-andreok, entzuten ahal didazue? Bai? Jaun -andreok, Wilbur baserriaren horma baten atzean nago. Informatzen jarraituko dut ahal dudan bitartean. Hemen gauza ikaragarriak ikusten ari dira! Jadanik ez dago inor. Poliziaren kapitaina norbaitekin hitz egiten ari da. Nor da? A bai, Pierson irakaslearekin... Piersonek objetua ikertzen jarraitzen du eta kapitaina eta beste polizia bat objetura hurbildu dira. Zerbait daramate eskuan...zapi bat! Zapi zuri bat da, bandera txuri moduan erabili nahi dute, baina ez dakit nik munstro hauek zer den ote dakiten! Itxoin! Zerbait gertatzen ari da!
Txistu bat entzun da eta berriro marmarra.
- Zerbait atera da zulotik. Ispilu batean argi baten isla ikus dezaket. Zer da hori? Sugarra atera da ispilutik eta hurbiltzen ari direnen kontra bota dute. Jainko maitea! Pertsonak bizirik erretzen ari dira!
Oihuak eta min-garrasiak entzuten dira.
- Orain zelai guztia erretzen ari da. Leherketa bat. Dena erretzen ari da, sua hurbil dugu, oso gertu dago...
Mikrofonoa lurrera erori eta gero dena isilpean geratu da. Isiltasun pisua.
Estudioan dagoen esatari bat mintzatu zaie. - Jaun-andreok, badirudi ezin dugula Wilbur baserritik gehiago trasmititu. Dudarik gabe, arazo larriak daude. Bitartean...
Programak jarraitzen du. Montgomery Smith, "Trentoneko miliziaren komandanteak" lege martziala ezarri du. Pierson irakaslea bizirik agertzen da, baita Carl Phillips ere. Objetutik forma berriak ateratzen dira, orain metro askoko altuera duten errobotak. Errobotek zonalde hartan dagoen armada suntsitu dute milaka hildako eraginda. Denbora pasa da. Piersonek kontatzen du batailaren ondoren gorpu artean ibili zela sonanbulu baten moduan, eta haietako hildako asko martzianoak zirela. Ematen du Lur planetako germenak hil egin zituztela.
.........
Jendea ero moduan dabil kalez kale, garrasika, pistola hotsak aditzen dira nonahi, batzuek egoera aprobetxatu dute bitxidenda zenbaitetan lapurtzeko, asko eta asko hirietatik basora doaz ihesi eta badira batzuk beren buruaz beste egin dutenak... anabasa ikaragarria!
...........
Azkenik, Orson Wellesek berriro hitz egin du mikrofonora hurbilduz eta azaldu du kontu hau guztia dramatizazio hutsa besterik ez dela izan.
Programa bukatuta, Orson, aktoreak, baita efektu berezikoak ere, isil-isilik geratu dira. Segundo bat, hiru, bost... eta orduan txaloak entzun dira. Baina Orsonek ez ditu txaloak entzun. Orsonek hotzikara sentitu duen bitartean, bere atzean ahots bat entzun du:
- Bikain! Ederki egin duzue! Orain inork ez du inoiz sinetsiko martzianoon inbasioaren kontua.
Orson tentsioan jartzen da. Badaki zer dagoen bere atzealdean, baina ez du begiratu nahi. Suge baten begi betz-beltzak, V tankerako ahoa eta tentakulu batzuk.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina