Orriak

2021/06/14

                                                        
                                                            URTE EDER HAIEK

 

 

 

 


900+ ideas de FOTOS ANTIGUAS DE NIÑOS en 2021 | fotos antiguas, fotos, niños

 

 

 


Bizitzak hamaika bira ematen ditu eta, nahi ala ez, guri ere, ziba bat bagina bezala, emanarazten dizkigu. Esan gabe doa aldaketa hauek, nola edo hala, bakoitzak kudeatu behar izaten dituela.

Azken urte eta erdian ere, jasaten ari garena ez da salbuespen bat eta hala konfinamenduari nola kutsatzeko beldurrari edota gaixotasunak ekarritakoari ere, aurre egin behar izan diogu, nork bere moduan.

Konfinamendu bitarteko atsedenaldia bukaezina zenez, jasangarriagoa egin ahal izateko eta denbora galdu hari ahalik eta zuku gehien ateratzeko, herriko etxean garbiketa orokorra eta sakona egitea otu zitzaigun. Ganbaran daukagun armairu zahar-zahar batean, zer eta hautsez estalitako kartoizko kutxa bat aurkitu nuen. Kutxaren estalkia kendu nuela, aspaldiko, beste garai bateko argazki horiztatuekin egin nuen topo.  Argazki haiek ikusi bezain laster, erabat ahaztuta nituen oroitzapenak eten gabe burura zetozkidan; bereziki argazki txiki batek ekarrarazi zizkidan oroimenak, aspaldiko istorio bat gogorarazi zidan eta horri buruz mintzatuko natzaizue.

Aipatu argazki hartan, Piluka, Josefinita eta Miguelito ageri ziren. Hirurak on Pernando eta Sabinaren seme-alabak. Harritzeko modukoa da, laurogei urte baino gehiago pasa badira ere, atzo izan balitz bezala, oroitzen naiz.

Izan ere, argazkia egin zen egun hori ahaztezina izan zen. Garai hartan herriak umeondako eskola berri-berria eraiki baitzuen eta herriko apaiza ez ezik, probintziako agintariak, gobernadorea barne, ageri ziren. Inaugurazio hartarako, bai Pilukak, bai Josefinitak ere, soineko berri bana estreinatu zuten eta. Baina soinekoak berdinak zirenez, Pilukari, ahizpa zaharrenari, ez zion nonbait grazia handirik egin. Haiek ziren negarrak, haiek!

Pilukak izugarrizko trebetasuna zeukan matematiketan, egungo egoeran biziko balitz, ziur nago, superdotatu horietakoa izanen zela... baina garai hartan bai emakumezkoa, bai benetako familia behartsu batekoa izateagatik,oraindik nerabetzaroa iritsi ez zitzaiolarik, ikasketei utzi behar izan zizkion.

Etorkizun oneko neska zen, baina patuak eta, batez ere, denbora hartako egoera kontuan hartuta, Pilukak itxaropenari uko egin behar izan zion eta gazte-gazte herriko aberats baten etxean lanean hasi egin zen neskame.

Bere ahizpa Josefinitak, Pilukak baino hiru urte gazteagoa zen; ez zen hain bikaina, baina nire bizitzan, aztarna sakona utzi zuen, nire lehendabiziko azukre-koxkorra izan baitzen eta aurreneko hori, denok dakigun bezala, ahaztezina izaten da. Beti, bata joaten zen lekura, besteak jarraitzen zion edo alderantziz. Hori zen hori maitasuna! Aurrerantzean ez dut inoiz hain maitasun garbia aurkitu, dudarik gabe!

Zer gertatuko zatekeen, lau urte geroago Ameriketara lanaren eta etorkizun oparoaren bila joan izan ez banintz? Berekin ezkonduko nintzatekeen? Batek daki! Baina Josefinitak utzitako aztarnak, oraindik, bihotzaren leku sakon-sakonean ukitzen nau.

Miguelitori dagokionez, on puska izateaz gain, pazientzia handikoa zela zalantzarik ez dago. Josefinitarekiko nire maitasun istorioak, txintik atera gabe, jasan behar izan zituen. Berdin pozak nola penak ere. Edo hobeki esanda, Josefinitari dagokionean, Miguelito eta biok lagunak baginen ere, nire laguntzaile izatera behartu nuen. Gizajo halakoa!

Egun ez dut garai hartako sasoi ezta burua ere. Gainera, jakin badakit, nire buruak alzheimerraren atea jo duela eta laster gaixotasunak oroimenik gabe utziko nauela, dena lauso, dena beltz. Egun hartakoarena, ordea, xeheki oroitzen dut. 

Badakit nire egunak joaten ari zaizkidala, baina ez dut presarik muga horretara heltzeko. Norbaitek presarik badu... ni baino lehen joan dadila!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina