Orriak

2014/03/04

Bingen Amadoz eta Mikel Bezunartea Palestinaz solasean euskaltegian


Joan zen egunean, Bingen Amadoz eta Mikel Bezunartea etorri ziren euskaltegira hitzaldi bat ematera Palestinan barna egindako bidaia baten inguruan. Han ibili ziren palestinarrak nola bizi diren eta zein diren dituzten arazorik handienak ikusten. Bere bizipenetan oinarrituta, Bingenek liburu bat idatzi zuen; Palestina. Harria eta olibondoak. Liburua aurkezteko eta palestinarren errealitatea azaltzeko etorri ziren. 

Hitzaldiak bi zati izan zituen; lehenik, Mikelek Palestinako lurraldeen historiari buruzko datuak eta informazioa eman zizkigun, eta gero, bien artean, han bizi izan zituztenak azaldu zizkiguten. 

Labur azalduta, hauxe da Palestinako historiaz azaldu zigutena: 
Bigarren Mundu Gerra baino lehen, britainiarrek Palestinako lurra menperatu zuten, eta juduei hara joateko bidea erraztu zieten. Gerra bukatutakoan, irabazleak juduekin zorretan sentitu zirenez, estatu bat eskaintzea erabaki zuten, eta sionistek palestinarren lurraldea aukeratu zuten. Hango biztanleak kanporatu egin zituzten, eta eremu jakin batzuetara eraman. Estatu berrian juduen populazioa handitzeko, sionistek munduko judu guztiak gonbidatu zituzten hara bizitzera joatera. Deiak arrakasta handia izan zuen, eta juduek, haien eremuak handitzeko asmoz, guda batzuen bidez palestinarren eremu batzuk ebatsi zituzten. 

Palestinarren bizi egoeraren inguruan, honako argazkia egin zuten: 
Palestinarrak hesiz inguratutako eremu batzuetan bizi dira, juduen lurraldean sakabanatuta eta egunero, lan egitera joateko edo haurrak eskolara eramateko, kontrol batzuk pasatu behar izaten dituzte. Istiluren bat sortzen denean, ezin dira beren eremuetatik atera, eta gainera, juduek argia eta ura mozten dizkiete. Palestinarren eremuetan ez dago lur emankorrik, ezta lantegirik ere, baina badira unibertsitateak, bai publikoak, bai pribatuak, horietako batzuk Arabia Saudik ordainduak. Eta osasun sistema ere badute. Bere egoera larria izan arren, palestinarrak oso izaera atseginekoak dira. Etorkizuna oso iluna dute, eta hiru aukera dute bizitzan: kanpora joatea, armak hartzea edo armarik gabeko erresistentzia aktiboa.

Hitzaldia oso interesgarria eta motza iruditu zitzaigun. Palestinako errealitatea ezagutzeko onena hara joatea da, baina ezinezkoa bada, Amadozen liburuaren bidez hara hurbiltzeko aukera paregabea izanen dugu.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina